Para estar al día de las novedades,
suscríbete a nuestro boletín

Actualidad

KONTZERTU EKONOMIKOA NAZIOARTEAN EZAGUTZERA EMATEA GUZTIZ BEHARREZKOA DA GLOBALIZAZIOAREN AROAN
miércoles, 2 de diciembre de 2015

GEMMA MARTÍNEZ

GEMMA MARTÍNEZ
Gemma Martínez Ad Concordiam elkarteko diruzaina eta Bizkaiko Foru Ogasuneko
Zerga Politikako Zerbitzuko burua da.

 

Kaixo Gemma, Ekonomia Ituna Sustatzeko eta Zabaltzeko Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea zara. Imajinatzen dut zuretzat Ituna garrantzitsua dela, ezta?

Bai. Egia esan Bizkaiko Foru Ogasunean nire bizitza profesional ia osoa praktikan horretan eman dut eta, beraz, egiten ditudan gauza askoren ardatz bihurtu da. Lanean hasi bezain laster piztu zen Ekonomia Itunarekiko nire interesa. Nire lehen nagusiak eman zidan lehenengo gauza Ekonomia Itunaren testu bat izan zen, eta esan zidan: ikasi hau eta gero hitz egingo dugu.

Beraz, duela 25 urte baino gehiagotik daukat Ekonomia Itunarekin lotura eta horri esker askoz hobeto ulertu dut Euskadiko ordenamendu juridiko propioa, eta Ogasunean nire zeregin nagusietako bat bideratzeko eta garatzeko beharrezkoa den lege-esparrua ezagutzea erraztu dit: zergen arloko neurrien arau-proposamenak egitea.

Imajinatzen dut Ogasunean egiten duzun jarduera profesionalaz gain, Ekonomia Itunarekin zerikusia duten beste jarduera asko garatu dituzula. Zeintzuk izan dira zuretzat gustukoenak?

Parte hartu dudan jarduera ezberdin eta interesgarrienetako bat 2001ean Ad Concordiamen antolatu genuen erakusketa muntatzea izan zen, Ekonomia Ituna berritzeari ekin aurreko urrats moduan. Erakusketaren garrantzia, izaera, osagai historiko, juridiko eta artistikoak nahasten zituelako, gauza errepikaezina eta ahaztezina izan da. Izaera akademikoagokoa delako aipatuko nuke 2002an Ituna onartzeak ekarri zituen eztabaida eta gogoeta handien baitan, asko gozatu nuela doktrinazko artikuluak idazten, beste autore batzuenekin batera Ad Concordiamen obra ezberdinetan argitaratuta daudenak. Ikasketen esparruan Ekonomia Itunarekin izan dudan harremanaren beste mugarrietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen zerga-harmonizazioari eta araugintza-gaitasunari buruzko ikerketa-proiektua izan zen. Proiektu horri neure ilusioa eta denbora eskaini nizkion eta, azkenean, «Jesús María Leizaola 2014 Saria» jaso zuen. Baina, aipatu ditudan horien guztien gainetik, agian ikuspuntu pertsonaletik ere oso aberasgarria suertatu zitzaidalako, nabarmentzekoa da 2015ean Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Euskal Ikasketen Zentroan egin nuen egonaldia azpimarratuko nuke, Ekonomia Ituna nazioarteko esparru akademikoan ezagutarazteko Bizkaiko Foru Aldundiak eta UNRek sinatu zuten lehen hitzarmenaren barruan, alegia.

Komentatu ahal diguzu nola sortu zen Euskal Ikasketen Zentroaren eta Aldundiaren arteko lankidetza proiektua?

2014an Joseba Aguirreazkuenaga egonaldi akademikoa egiten ari zen Nevada-Renoko Unibertsitateko EIZn. Joseba Aguirreazkuenaga Historiako katedraduna da EHUn eta, gainera, Ekonomia Itunaren Dokumentazio Zentroko zuzendaria da. Zentro hori EHUren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmen bati esker eratu zen eta berdin funtzionatzen du. Bere egonaldian deszentralizazio fiskalerako ereduekin eta krisi ekonomikoarekin lotutako jardunaldi batzuk antolatu zituen. Jardunaldi horietara hizlari gisa gonbidatu gintuzten, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Ad Concordiameko hainbat lagun eta ni horietako bat izan nintzen. Une hartan Bizkaiko Foru Aldundian gehiago jabetzen hasi ginen Ekonomia Ituna globalizazioaren aro honetan mundu akademikoak eta politikoak ondo ulertu eta ezagutu behar zuela. Lehen kongresu horretatik sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren arteko elkarlanerako aukera. Neurri baten, ekimen horren sustatzailea izan nintzen, Aldundiaren aldetik, Xabier Irujo UNRko doktore eta Ikastetxeko egungo zuzendariarekin lankidetzan, sutsu ekin baitzion proiektu honi. Horrela 2015-2016 urteetarako hitzarmena sortu zen eta horren arabera UNRera joan nintzen Ogasuneko lehen pertsona izan nintzen. Ondoren Foru Ogasuneko beste lau kide joan dira. Bi hitzarmen egin dira, lehenengoa 2015-2016 aldirako, eta bestea 2017-2018-2019 aldirako. 2020ko urtarrilean hitzarmen berri bat sinatu dugu hurrengo lau urteetarako, 2020tik 2023ra.

Hitzarmenek aurrera jarraitzen dute eta, beraz, pentsatzen dut horren emaitzez egiten duzun balantzea positiboa dela.

Bi erakundeek balantze positiboa egiten dugu. Nire balantze pertsonala ere positiboa da, eta oso pozgarria. Uste dut Renoko egonaldiek fruituak ematen dituztela, batez ere gure ikerketa-lan guztiak liburu baten argitaratuta daudelako. Liburu horren titulua «International perspectives on fiscal federalism: The Basque Tax Sistems» da, Euskal Ikasketen Zentroak argitaratu du eta Estatu Batuetako unibertsitateetako liburutegi-sarean banatzen da. Hori da, Ekonomia Ituna nazioartekotzeko bere helburuaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu hori babestearen arrazoietako bat. Gainera iaz beste kongresu bat egin genuen bertan eta Deustuko Unibertsitateko eta EHUko akademikoak egon ziren euren kolaborazioak aurkeztuz. Beste alde batetik, Ogasunean lan egiten dugun eta gure autogobernu-sistemaren funtsezko elementuetako baten sakontzeko eta hori ezagutarazteko nolabaiteko kezka dugunontzat ere interesgarria da gure eguneroko zereginak hilabete batzuetan uzteko aukera ematen digutelako elementu horien ikasketetan eta azterlanetan murgiltzeko.

Nazioartekoak eta nazioartekoak ez diren zabalkunde-jarduera horien guztien ondoren, zein da zure balantzea Ekonomia Ituna den gure finantzaketa-tresnaren ezagutzari edo ez-ezagutzari buruz?

Barne mailan uste dut asko geratzen dela egiteko. Urte asko daramatzagu lan horretan. Ad Concordiam 2001ean eratu zen eta, une horretatik aurrera, etengabe aritu gara gai hori zabaltzeko lanak egiten, bai herritarrentzat oro har, bai arlo horretan zehazkiago aritzen diren pertsonentzat, ikasleentzat edo profesionalentzat. Hala ere, aldizka egiten ditugun inkestek oraindik hobetu daitezkeen datuak ematen dizkigute. Euskal herritarren % 50ek Ekonomia Ituna zer den jakin gabe jarraitzen du. Aurrerapenen bat egon dela uste dut, motela bada ere, ahalegin asko egitearen emaitza dena. Lankidetza handiagoa ikusten dut Unibertsitatearekin, eta hori beti sustatu dugu Ad Concordiametik. Adibidez, Itunaren Dokumentazio Zentrotik, EHUko Zuzenbide eta Ekonomia Fakultateetara joaten ari gara, Ekonomia Itunari buruzko hitzaldiak euskaraz zein gaztelaniaz emateko, eta aldi berean beste jarduketa batzuk garatzen ari gara, hala nola lankidetza bizia Ekonomia Itunaren Lagunen Elkartearekin, Pedro Luis Uriartenarekin, izaera didaktikoko irrati-programetan parte hartuz. Nik neuk, halaber, Ekonomia Itunari buruzko dokumentalean parte hartu nuen, 130. urteurrena ospatuz EITBk ekoitzi zuenean. Nire ustez egia da, bai, jarduketak garatzen ari direla, lehen baino askoz gehiago, zalantzarik gabe. Gero eta maizago ari dira antolatzen izaera eta instantzia askotako ekitaldi edo egintzak Ekonomia Ituna ezagutarazteko; horren adibide da berriki Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen «QUIZZ 41, zenbat dakizu Ekonomia Itunari buruz?» jokoa.

Kontatu didazun hori guztia Euskadiren barruan da. Eta kanpoan?

Euskaditik kanpo eta Estatuko lurraldearen barruan, maila pedagogikoan Ekonomia Itunaren alde lanik handiena egiten duen pertsonetako bat Pedro Luis Uriarte da, Galiziatik Andaluziara, Kataluniara eta Madrilera arte lurralde osoan zehar hitzaldiak eman dituena bere elkartea zabaltzeko jardueren barruan. Eta gure mugetatik kanpo, egia esan, bidea orain dela denbora gutxiago hasi dugu. Lehen mugarrietako bat Europako Parlamentuan fiskalitateari eta estatuz azpiko eskumenei buruzko foro batean egindako hitzaldi bat izan zen, José Rubí Bizkaiko Ogasuneko idazkari nagusi teknikoak eman zuena, uste dut duela 10 bat urte; eta, ondoren, mugarri garrantzitsuenetako bat Renoko Unibertsitatearekin egindako hitzarmena da. Nire ustez Ituna Espainiako Estatuaren mugetatik kanpo ezagutarazteak indartsuago egiten gaitu, ikusarazten den neurrian eta besteak guregana hurbiltzen diren neurrian, eta ezagutu eta uler gaitzaketela.

Gai erakargarri eta zoragarri horrekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Itunaren edizio eguneratua aurkeztu berri du, 2017an hitzartutako aldaketekin. Horrekin batera ingelesezko termino fiskal eta finantzarioen glosario bat aurkeztu du, eta egilea zeu zara. Nondik sortu zen glosario hori egiteko ideia eta nola sartu zinen proiektu honetan?

Hori egiteko ideia pertsonala da. Luxenburgon Europar Batasuneko Justizia Auzitegian amaitu zen prozedura baten (prozedura horretan zalantzan jartzen zen Ekonomia Itunaren estatu-laguntzaren izaera) ohartu nintzen ez zegoela ingelesezko materialik Ekonomia Itunaren ezagutzari heltzeko. Dakizun bezala, azkenean, 2008. urtean auzitegiak esan zuen ez zela estatuaren laguntza bat, eta argi eta garbi adierazi zuen Ekonomia Ituna Espainiako ordenamendu juridikoaren atala dela eta bateragarria dela Erkidegoko zuzenbidearekin. Une hartan konturatu nintzen oso zaila zela zuzenbidearen edo ekonomiaren mundu anglosaxoian existitzen ez diren kontzeptuak ingelesez azaltzea. Akats hori ere ez zen hain nabarmena izan prozeduran zehar, itzulpenak erabiltzen zirelako eta prozedura gaztelaniaz garatu zelako. Baina egia da dokumentu asko ingelesera itzuli behar zirela nahitaez eta elkarrizketa eta adierazpen asko hizkuntza horretan egin zirela. Geroago, 2011n, Euskal Autonomia Erkidegotik ECOFINeko lantaldeetara joaten hasi ginen eta Espainiako ordezkaritzako kide izan ginen fiskalitateko lantalde teknikoetan. Han, berriz ere, nahiz eta eztabaidak gaztelaniaz edo estatu kide bakoitzaren hizkuntzan badira ere, lanerako izaten dugun dokumentazioa ingelesez baino ez dago. Eta agiriak ingelesez aurkeztu behar ditugunean, besteak beste Patentbox eta lurralde historikoetako beste zerga-neurri batzuen inguruan egin behar izan genuen bezala, esan behar duguna behar bezala adierazteko arazoak ditugu. Azkenik, Estatu Batuetan hiru hilabete eman nituenean nire ikerketa-proiektua egiten, konturatu nintzen beharrezkoa zela terminologia homogeneoa erabiltzea, mundu guztiak Euskadiko finantza-sistema fiskalaren kontzeptu propio eta esklusiboen antzeko izendapena izan zezan, adibidez, «kupo» terminoa. Egia da Ad Concordiametik lehen saiakera bat egin genuela Ignacio Zubiri katedradunaren Ekonomia Itunari buruzko obra bat ingelesez argitaratzearekin (oso oinarrizko eskuliburu moduko bat dena eta une honetan eguneratu gabe dagoena ingelesez Ekonomia Itunarekiko lehen hurbilketa egiteko). Hori 2010. urtean izan zela uste dut, eta bai, terminoen glosario bat zuen, baina oso murritza zen. Beraz, Renon egon ondoren, ikerketa-proiektua egin ondoren, eta lehen aipatu dudan «International perspectives on fiscal federalism: The Basque Tax Sistems» liburuaren argitalpenarekin batera, lan kontzeptual eta terminologiko hori egitea beharrezkoa zela bururatu zitzaidan; izan ere, Eusko Jaurlaritzari, Zerga Koordinaziorako Organoari, glosario hau egiteko ideia proposatu nion, termino fiskalen glosario bat dena eta berariaz ingelesez idatzita dagoena, euskaraz eta gaztelaniaz dituen baliokidetasunekin, eta ingelesez egiten duen publiko espezializatuari zuzentzen zaiona, gure kontzeptuak ezagutu ditzan eta gure legeria ingelesez irakurtzen duenean zertaz ari den ondo uler dezan. Halaber, baliagarria izan daiteke beren jarduera profesionalaren zati bat Euskaditik Ituna nazioartekotzen ematen duten pertsonentzat, bai mundu akademikotik, bai administrazio publikoaren mundutik. Ad Concordiamen gure webgunean Itunaren eta Kupoaren lege guztiak eguneratuta eta ingelesera itzulita dauzkagu, baina egia da Tax and Financial Glossary atera arte geneukan itzulpena nahiko eskasa zela. Ez zegoen guk gainbegiratua. Bai, kalitatezko itzultzaileek egina zen, baina ez Ekonomia Itunaren funtzionamendua sakon ezagutzen duten pertsonek. Beraz, lan bikoitza egin dut Eusko Jaurlaritzaren enkarguz. Ekonomia Itunaren Tax and Financial Glossary egin dut, eta, beste alde batetik, Ekonomia Itunaren eta Kupoaren ingelesezko testuak berrikusi eta eguneratu ditut, azken itunak txertatuz eta terminologia eguneratuz.

Kontatu diguzunaren harira, ECOFINeko lan taldeetan Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkarietako bat zarela ikusten dut. Zer ikuspegi duzu gure erakundeek gai fiskalak jorratzen dituzten nazioarteko foro horietan parte hartzeari buruz?

Balantzea positiboa da, funtsean, nazioarteko dimentsioaren aintzatespena dakarrelako fiskalitatearen arloan dugun araugintza-gaitasunari dagokionez; ia hamar urte eman genituen ECOFINeko lantaldeetara joateko borrokan eta, azkenean, 2011n lortu genuen. Horrela, Erkidegoko erakundeek beste jurisdikzio fiskal bat bezala ikusten dute Euskadi, berezia dena bere eskualde-izaeragatik, baina bat gehiago, azken finean, eta hori dagoeneko asko da. Nafarroarekin batera dagoen eskualde bakarra gara, zuzeneko zergapetzeari dagokionez araugintza-ahalmen oso zabala duguna eta modu natural batean jotzen dugu eta Espainiako gainerako lurraldea ordezkatzen duten pertsonekin batera egiten dugu lan, modu harmonikoan eta normalizatuan. Hala ere, ia 10 urteren ondoren, gehiago aurreratzeko une baten gaudela uste dut. Iruditzen zait soilik talde teknikoetan dugun ordezkaritza ez dela nahikoa; beraz, behintzat, goi-mailako talde teknikoetan egon beharko genuke, Europar Batasunean fiskalitatearen arloko erabaki koordinatuak hartzeko orduan ikuspegi eta parte-hartze globalagoa eta integralagoa izateko, une honetan Europar Batzordea borrokan ari den zutabeetako bat bihurtzen ari baita. Beraz, balantze positiboa, baina hobetzeko tarte zabalarekin, eta uste dut aurrera egiten saiatzeko unea dela.

Bukatzeko, esan ahal diguzu nola ikusten duzun Itunaren etorkizuna, bai etxe barruko esparruan, bai aipatu berri dugun nazioartean?

Barne-esparruan, egungo egoera nahasi samarra eta gure autogobernu-tresnarentzat arriskutsua dirudien arren, ez nago oso kezkatuta, Ekonomia Itunaren historiak erakusten baitigu, ez dakit oso ondo zergatik, erresilientzia handikoa dela, hau da, inguruabar politiko berrietara egokitzeko gaitasun handia duela, baita Estatuaren konfigurazioan aldaketa eragiteko une juridiko eta ekonomiko berrietara ere. Autonomien Estatua ez den Estatuaren etorkizuneko beste deszentralizazio eredu baten kasu hipotetikoan, 1978ko Konstituziotik daukaguna, etorkizuneko erreforma konstituzionala ekar dezakeena, uste dut Ekonomia Itunak bere lekua izaten jarraituko duela. Beste kontu bat da aldaketa horri nola helduko zaion kokapen politiko oso erradikaletatik, hor bai, diskurtso politikoek, askotan demagogikoak izaten direnek, arriskua ekar diezaiokete Ekonomia Itunari; baina ikuspegi juridikotik, teknikotik edo ekonomikotik, uste dut Itunak printzipio sendoak eta demokratikoki baliozkoak dituela, baina, aldi berean, aldaketara egokitzeko behar bezain malguak. Izan dezakegun beste arazoetako bat da beste eskualde batzuek Ekonomia Ituna izateko asmoa agertzea, eta hor sartuko ginateke horren orokortasunari buruzko eztabaidan, eta ez dakit botere zentralek zein puntutaraino ahalbidetuko duten; beste alde batetik, nire ikuspuntutik, eskualde guztiek ez dute beren aldarrikapenerako legitimazio historikorik. Kataluniaren kasu argia daukagu. Katalunia deriba horretan sartu izanaren arrazoietako batzuk ekonomikoak dira eta, agian, Ekonomia Ituna bezalako tresna batekin beste eszenatoki batean aurkituko litzateke.

Nazioarteko esparruari dagokionez, kontuan izan behar da esparru horretan erreferente mugatua garela eta hori, beste alde batetik, logikoena da gure tamaina eta eskualde-ezaugarria kontuan hartuta, baina erreferentea, azken finean, beste eskualde batzuentzat, Eskoziarentzat kasu, hainbat aldiz aztertu baitu gure eredua. Hala, deszentralizazio fiskalerako Eskoziako batzorde parlamentarioak Euskadiko legedia eta funtzionamendu praktikoaren eredua aztertu zituen. Eredu izan gaitezke autonomia-asmo handiak dituzten eskualdeentzat, beren gobernu zentralarekin harreman juridiko oso irekia eta mendekotasun gutxikoa izan nahi duten eskualdeentzat, aldebikotasun-erlazioa nahi dutenentzat; horiek bai egon litezke interesatuta gure ereduan. Aitortu behar da mundu akademikoan eredu berezia dela, eta beste eredu federal batzuen ikuspegitik arreta handia pizten duela. Hori are argiago ulertu nuen Estatu Batuetan egon nintzenean; finantzaketa-fluxuak eskualde-erakundearengandik gobernu zentralera izatea barneratzeko nahiko zaila da berariaz estatu federal nagusia den horretan. Izan ere, gure ereduak baditu zenbait ezaugarri berezi, eredu federalen orokortasunarekin bat ez datozenak. Nazioarte mailan, uste dut garrantzitsua dela gu ezagutzea beste finantziazio-eredu bat bezala ulertua eta aintzatetsia izan dadin, printzipio berezi batzuekin, Ekonomia Ituna munduan federalismo finantzario-fiskalaren beste eredu bat gehiago dela ondorioztatzera iristeko.

Ziur nago zuk garatzen dituzun jarduerek eta zure lana Itunaren sustapenean eta hedapenean jartzeak helburu hori lortzen lagunduko dutela. Eskerrik asko, Gemma.

Eskerrik asko zuei.