Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

"NIRE USTEZ EKONOMIA ITUNA DEFENDATZEKO MODURIK ONENA, BERTAN JASOTZEN DIREN ESKUMENAK GAUZATZEA DA"
Tuesday, 15 de March de 2022

JAVIER ARMENTIA BASTERRA
Arabako Foru Ogasuneko Zerga Araudiko zerbitzuburua

Arabako Foru Ogasuneko Zerga Araudiko zerbitzuburua gisa burutu duzun 40 urteko ibilbide profesionala Ekonomia Itunarekin batera gertatu da. Zure ustez, nola eboluzionatu du Ekonomia Itunak?

Etapa batzuk daude. Ezagutu nuen lehenengoa nahiko baketsua izan zen, baina hori, funtsean, foru-erakundeen araugintza-eskumenak murritzak zirelako gertatu zen, hau da, gaur egun dituzten ahalmenak ez zituztelako.

Geroago nahiko etapa gatazkatsua etorri zen, ezaugarritzat itundutako testuaren judizializazioa izan zuena. Egoera horri adabakia jarri zitzaion, «bake fiskala» delakoaren bidez. Hala ere, egoera ez zen zentzuzko bideetara itzuli Europako Justizia Auzitegiaren epaia eta gaizki izan arren Ekonomia Itunaren blindatze deiturikoa izan arte (eta gaizki deitua diot, araubide erkideko lurralderako zergak onartzen dituzten legeei eta foru-arauei tratamendu bera ematen saiatzen baita soilik). Orduan, egoera horretan, lortu zen itundutako testua etengabeko eztabaidan murgilduta ez egotea.

 

Newsletter honetan bertan iragartzen dugu Ad Concordiametik unibertsitatearen eremuan Ekonomia Itunak duen ezagutzari buruzko inkesta baten emaitzak argitaratuko ditugula. Zein da zure ikuspegia Ekonomia Itunak euskal gizartean duen ezagutzari dagokionez?

Nire ustez bereizi egin behar dira bere existentziari buruzko ezagutza, eta arlo horretan egon dago, Euskadin behintzat, ezagutza zabala, eta bere edukiari buruzko ezagutza.

Beste alde batetik, bigarren kasu honetan, berriz, klase politikoa eta herritarrak bereizi behar dira. Herritarrei dagokienez ere ez dut uste beharrezkoa izan behar denik ezagutza handia eta sakona izatea, hala badagokio oinarrizko elementuak salbu.

Baina hori ezin da horrela izan ordezkari politikoen kasuan, Itunaren edukiari buruz erabaki behar dutelako eta horregatik eskatu egin beharko litzaieke, beste era batera esanda, euren buruari eskatu beharko liokete,  testu itunduaren, haren historiaren, sorreraren eta alterazioen neurriko ezagutza egokia izatea. Adibidez, oso argigarria da Gorte Nagusietako eztabaidetan, eta ez dut esango prentsan, zenbait ordezkari politikok, beren talde parlamentarioetako bozeramaileek, Ekonomia Itunari buruzko akats hain nabarmenak egin ditzaketenik, Ekonomia itunaren ezagutza oinarrizkoena falta dela erakusten dutenak.

Uste dut erantzukizun politikoak daudenean, ezagutza dela hartzen diren erabakien oinarriaren giltzarria.

 

Ekonomia Itunak formulatzen duen printzipioetako bat Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko harmonizazio fiskalari buruzkoa da. Zuk zuzenean bizi izan dituzu prozesu harmonizatzaileak; zure iritziz nola egin da harmonizazio hori?

Hiru foru-lurraldeen arteko zerga-harmonizazioa ez da, eta ez du izan behar,  uniformetasunaren sinonimoa; beraz, posible da, eta hala gertatzen da praktikan, euren artean lege-desberdintasunak egotea.

Harmonizazio hau behar bezala ulertzeko, printzipio orokorrak adierazte hutsaren eremuan mugitzen den Estatuarekin egon behar duen harmonizazioaren maila berean kokatu behar da.

Esan daiteke gaur egun hiru foru-lurraldeetako araudien artean dauden aldeak ezin direla funtsezkotzat jo, hain zuzen ere funtsean hiru foru-legediak berdinak direlako.

Harmonizazio hori posible izan da foru-aldundien arteko elkarlanari esker, ahalegin handiak egin baitituzte zerga-sistemaren oinarrizko gaietan bateratuta egoteko.

Beste alde batetik, harmonizazio hori beharrezkoa ez ezik, komenigarria ere bada; izan ere, jarduten duten lurralde-eremuetan eta antzekotasun garrantzitsuak dituztenetan nekez uler daiteke, batez ere zergapekoen ikuspegitik, zerga-araubide bat baino gehiago.

 

Duela gutxi autonomia-erkidego batek dumping fiskala egiten ote duen eztabaidatu da. Zein da eztabaida horri buruz duzun iritzia?

1981eko itundutako testuaren indarraldian, garai batean foru-erakundeei buruz ere iruzkin hori bera egin zuten.

Erakunde horiek defendatzen zuten Ekonomia Itunetik zetozen eskumenak erabiltzen ari zirela. Eta, izan ere, halaxe zen. Hiru Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietatik zetorren araudia eskura zituzten araugintza-ahalak erabiltzea baino ez zen, eta praktika horrek zerga-sistema jakin bat ezarri nahi zuen.

Horrenbestez, eta ikuspegi horretatik, ez dut uste dumping fiskalaz hitz egin daitekeenik botere legegilea duten beste erakunde batzuek euren zerga-eredua ezartzen dutenean, baldin eta horrek legegintza-funtzioen egikaritza inspiratu behar duten printzipio logikoei erantzuten badie.

Edo beste era batera esanda, garai batean foru-erakundeek araugintza-eskumenak baliatzeari egiten zitzaizkion akusazioak ez banituen egokitzat jotzen, kasu honetan ere ez dut alderantzizko egoera ulertzen.

 

Genero-ikuspegia ere ageri da fiskalitatean. Zure ustez Ekonomia Ituna tresna baliagarria da berdintasun-politikak ezartzeko?

Jakina, berdintasun-politikak eremu guztietan garatu daitezke eta garatu behar dira. Zerga-sistema ez dago premia horretatik kanpo.

Foru-erakundeek, zenbait tribututan, eskumen legegile zabala dute horiek arautzeko.

Ildo horretatik, aipatu behar da Araban, adibidez, joan den abenduan helburu hori lortzeko hiru neurri onartu zirela. Hala, horietako bi aipatzearren, pizgarri fiskal handiagoa ezarri zen despopulazio-arriskuan dauden gune edo eremuetan emakumeek jarduera ekonomikoak hasteagatik, eta enplegua sortzeagatiko kenkaria aplikatzeko baldintza izan zen emakumeen eta gizonen artean soldata-diskriminaziorik ez egotea.

Aurrekoa esanda, onartu behar da badirela beste eremu batzuk, hala nola lan-arloa, publizitatea, kontratazio publikoa, hezkuntza eta abar, eta horietan har daitezkeen neurriak garrantzi handiagokoak direla, eta arlo horiek lehentasuna izan beharko lukete jardun publikoan, neurri berritzaile eta ausartak hartuz.

Zergen arloan, helburua eta horren oinarri diren printzipioak direla eta, jarduketa-eremua murritzagoa izan daiteke. Ildo horretatik doktrinan badira nire ustez partzialegiak diren azterlanak, eta ez dituzte, oro har, berdintasunak zergen arloan dituen arazoak jorratzen eta, ondorioz, besteak beste ahalmen ekonomikoaren printzipioa bezalakoan  oinarrituta zerga-sistema bat ezartzerakoan kontuan hartu behar diren elementuekin berehala kontraesanean jartzen diren konponbideak ematen dituzte.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalitateari buruz hitz egiten denean gehien aipatzen den gaietako bat zerga-presioari buruzkoa da. Zure ustez, Euskadin lurralde erkideetan baino presio fiskal handiagoa edo txikiagoa al dago?

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako foru-arauak sistematikoki auzitegietan errekurritzen ziren urteetan, errekurtso-idazkietan erabiltzen zen argudioetako bat Ekonomia Itunean Euskal Autonomia Erkidegoaren presio fiskalak Estatuarenaren antzekoa izan behar duela ezartzen duen jasotako printzipioa urratzea zen, hain zuzen ere.

Epaimahaiek, sistematikoki, ez zuten argudio hori onartzen, funtsean zerga-presio txikiena edo desberdina egiaztatu egin behar dela adieraziz.

Ogasuneko ministroak Gorte Nagusietan itundutako testuaren azken bi aldaketak aurkeztean egindako azken bi hitzaldietan, espresuki eta berariaz aitortu du Euskal Autonomia Erkidegoan presio fiskala Estatuko batez bestekoa baino handiagoa dela.

Baina, edonola ere, presio fiskalaz besterik gabe hitz egitea, gizarteak jasotzen duen zerbitzu-eskaintzarekin alderatu gabe, gaia bere funtsezko ataletako bat gabe lantzea dela uste dut. Presio fiskal handiagoa edo txikiagoa ez da aztertu behar, ez behintzat sozietateak, Administrazioak ematen dituen zerbitzuekin zuzenean lotu eta aztertu gabe. Hala, baliteke gizarteak presio fiskal txikia era positiboan ez ulertzea edo hautematea botere publikoek emandako prestazioen ikuspegitik.

 

Gaian aditua zaren neurrian ekarpen handia egin diozu Ekonomia Itunari buruzko doktrina zientifikoari. Idatzi duzun liburuetako bat bere lege-testuen bidez Ekonomia Itunak izan duen bilakaerari buruzkoa da. Zer nabarmendu dezakezu argitalpen honetatik?

Liburu honetan Foruak ezabatzeko eta abolitzeko 1876ko Legetik aurrera egin diren Ekonomia Itunetan onesten joan diren oinarrizko testuen ibilbidea egiten da.

Ekonomia Itunaren berrikuntzetan zehar, bertan gertatzen ari den bilakaera ikus daiteke, ikuspegi juridikotik, behintzat, bere formulazioari dagokionez foru-erakundeek gutxi edo oso gutxi esateko zuten sistema izatetik, gaur egungo sistemara iritsi  arte, hau da, testua sinatzen  duten alderdi guztien akordioan oinarritzen dena.

 

Eztabaidatutako beste gaietako bat Euskadik Estatuari ordaintzen dion kupoa da. Zer esan diezagukezu kupoaren kalkuluari buruz?

Kupoa zehazteko hainbat faktore hartzen dira kontuan. Horietako hiru aipatuko ditut adibide gisa, baina gehiago daude. Lehena, Estatuak bere gain hartzen dituen kargak zehaztea da. Karga horien kuantifikazioa Estatuaren gastuen aurrekontuan oinarrituta egiten da, eta aurrekontu horren zehaztapenean Euskadik gutxi esku har dezake edo, behintzat, ezin du esku hartu nahi duen moduan. Beraz, doktrinak gutxitan nabarmentzen duen puntu horri dagokionez, Euskadi, nolabait ondo ulertzeko moduan esateko, neurri baten Estatuak berak erabakitzen duenaren esku dago.

Bigarren elementua Estatuaren defizita da. Elementu horri buruzko doktrina dago zentzu batean eta bestean. Batzuek uste dute gaizki jarduten duela, eta doktrinaren beste zati batek justu kontrakoa uste du.

Nabarmendu nahi dudan hirugarren elementua egozpen-indizea da, % 6,24 ospetsua. Egia da Euskadik Estatuan duen pisu espezifikoa irudikatzen saiatzen denez, arrazoizkoa ematen duela pentsatzea 1981az geroztik nekez izan daitekeela bera. Baina horrekin batera, zenbait azterlanek egiaztatzen dute une batzuetan indizea aipatutako % 6,24aren azpitik eta beste batzuetan gainetik egon dela.

Nolanahi ere, gogoratu behar da koefiziente hori alda daitekeela, Ekonomia Ituna sinatu duten alderdien akordioaren bidez, eta gauza bera gertatzen dela  beste alderdi eta gai batzuekin ere, hala nola, Europako Erakundeetan parte-hartze handiagoa izatea edo Balio Erantsiaren gaineko Zergan araugintza-eskumenak hartzea.

 

Zer iradokitzen dizute Ekonomia Itunak sortzen dituen eztabaidek, batez ere hura defendatzeko beharrari buruzkoak?

Nire ustez Ekonomia Ituna defendatzeko modurik onena, termino hori erabil daitekeela suposatuz, bertan jasotzen diren eskumenak gauzatzea da.

Aldi berean, uste dut Itunaren defentsa ez dela alderdi juridikotik bakarrik egin behar, hau da, 1978ko Konstituzioak babesten duela eta 1979ko Autonomia Estatutuak berariaz aipatzen duela kontuan hartuta, baizik eta Historiaren ikuspegitik, zeina ez baita, hain zuzen ere, 1876ko Foruen abolizioaren legearen ondoren hasten. Foru-ogasunen eskumena Historian sustraituta dago aspalditik.

 

Laster Ekonomia  itunaren 2005-2020 aldiari buruzko zure liburua argitaratuko da. Zer laburpen egin diezagukezu?

Liburua Ad Concordiamek duela 15 urte baino gehiago argitaratutako izenburu bereko liburuaren jarraipena da. Egileak Javier Muguruza eta Alberto Atxabal ziren, baina, logikoa denez, hori aurreko une bati buruzkoa da.

Argitalpen honetan 2005etik 2020ra bitartean Ekonomia Itunean izandako aldaketak jasotzen dira.

Gainera, egileen doktrina biltzen saiatzen da, doktrinaren aipamen baten bidez, bai eta denbora-tarte horretako Justizia Auzitegien epaiak eta Arbitraje Batzordearen ebazpenak jasota ere. Hori guztia itundutako testua osatzen duten artikulu bakoitzari dagokionez ordenatuta eta erreferentziatuta.

Horrela aldi horretan itundutako testuaren bilakaeraren ikuspegi nahiko osoa izatea lortzen da.

 

Amaitzeko, esan iezaguzu nola egingo diozun aurre zure bizitzako etapa berri honi?

Ez dut esperientzia handirik erretiroa hartzen, baina ulertzen dut orain orain arte egin ezin nituen gauzak egin ahal izango ditudala, orain egin ahal izango ditudan bezala. Zaletasun asko ditut, beraz, garatzen saiatuko naiz. Horietako bat, adibidez, irakurtzea da. Legeak eta auzitegietako epaiak irakurtzen urte asko eman ondoren, literatura onaz gozatu ahal izatea espero dut orain.