Gure foru-ogasunak,
gure nortasun historikoaren zati bat

2002ko Ekonomi Ituna

Itun mugagabea

Maiatzaren 23ko 12/2002 legearen bitartez, 2002an Ekonomi Ituna eraberritu da; eraberriketa horretan Itunak aldaketa nabarmenak eragin ditu adostutako sisteman. Agian, guztietatik deigarriena da aldi baterako Ituna izatetik iraupen mugagabeko Ekonomi Ituna izatera pasa dela. Hala ere, hori ez da izan Itunaren aldaketa bakarra ezta garrantzitsuena ere; nabarmen daiteke Estatuko eskumen esklusiboa gutxitu egin dela, eta egun mugatzen da aduanetako zergetara, inportazioen gaineko BEZ eta Zerga Berezietara, eta Ekonomi Itunaren goi mailako ikuskapenera.

Aldi berean, Lurralde Historikoen eskumenak handitu dira, arlo berriak itundu direlako, hala nola, ez-egoiliarren zergak edo Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmentaren gaineko Zerga, deslokalizatzeko gaitzak diren zeharkako zergen araugintza-ahalmena handitzea, besteak beste, Elektrizitatearen gaineko Zerga edo Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia, edota eragiketen kopurua handitzea 6 milioi euroraino Euskadiri Sozietateen gaineko Zergan eskumen esklusiboa emateko baldin eta egoitza fiskala lurralde horretan kokatuta badago. BEZaren kasuan, halaber, Lurralde Historikoen ikuskapen-eskumenak eta biltzeko eskumenak handitu dira zerga Euskadiri modu esklusiboan ordaintzeko kontuan hartu behar den kopurua 6 milioi euroraino igo zelako, baldin eta egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badago eta eragiketak gauzatu diren lekua gorabehera.

2002ko Itunak aldaketa ekarri du Arbitraje Batzordearen osaketara ere, aldaketa erabakigarria izan dena Batzordea eratzeko eta martxan jartzeko. 1981etik hona lehen aldiz, egungo Itunaren une garrantzitsu bat Arbitraje Batzordea eratzea izan da. Estatuaren eta Foru Aldundien artean edota Aldundien eta Autonomi Erkidego baten artean Ekonomi Itunaren inguruan sor daitezkeen arazo guztiak konpontzea da Arbitraje Batzordearen zeregina. Batzordea martxan jarri denez, epaiketaz kanpoko prozedura bideratu da gatazkak konpontzeko. Zergadunek, batetik, eta Estatuko zein Lurralde Historikoetako Tributu-administrazioek, bestetik, aspalditik eskatzen zuten Batzorde horren sorrera. 2007ko uztailaren 30ean sortu da eta lehenengo kideak Carlos Palao Taboada, Fernando de la Hucha Celador eta Isaac Merino Jara izan dira. Harrezkero, Arbitraje Batzordearen jarduerak arazoak izan ditu, kargu bat hutsik geratu denean kideak izendatzeko zailtasunak izan baititu, eta Kontzertuak berak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren eskuetan uzten du gai hori. Horren ondorioz, jarduerarik gabeko aldiak izan dira taldekideak berritu behar izan direnean. Gainera, abenduaren 28ko 1760/2007 Errege Dekretuaren bidez Arbitraje Batzordearen araudia onartu zen, hau da, Ekonomia Itunaren 66. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa betez; artikulu horretan honako hau xedatzen da: “Gatazkak ebazteko prozedura arau bidez ezarriko da. Prozedura horretan interesdunei entzun egingo zaie”.

Zergei buruzko foru arauak aplikatzeko arazoak

Aurreko garaietan gertatutakoaren aldera, Ekonomi Itunaren indarraldiko azken hamar urte hauetan Itunak indarra galtzen duelako negoziazio berririk beharrezkoa izan ez bada ere, ezin da esan Ekonomi Itunak bizitza baketsua izan duenik. Tentsio oso gogorrak izan dira. Tentsioak ez dira prozesu negoziatzaileetatik etorri, ezta Estatuak egindako erreklamazioetatik Lurralde Historikoek egikaritzen dituzten eskumenen gainean; arazoak sortu dira ondoko Autonomia-erkidegoetatik edo bertako agente ekonomiko diren sindikatu eta enpresaburuen elkarteetatik etorri dira auzitegietan errekurtsoak jarri dituztelako. Tentsioak onez konpondu dira eta, une larriak bizi izan badira ere (Auzitegi Gorenak 2004an emandako epaia edota 2008 epaitu aurreko arazoa Europako Justizia Auzitegiak erabaki baino lehen bizi izandako prozesu osoa), esan dezakegu Itunak segurtasun juridiko handia duela, eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko antolamendu juridikoekin bat egiten duela.

Ekonomi Itunaren bilakaeraren beste une erabakigarri bat Auzitegi Gorenaren 2004ko abenduaren 9ko epaiarekin eman zen. Ustez Europako Auzitegiarena zen jurisprudentzia argudiotzat hartuta, Sozietateen gaineko Zergaren euskal arauketaren zenbait zati estatu-laguntza bezala identifikatu zituen epaiak. Horien artean, zergaren karga-tasa azpimarratu behar da, tributu-arauketari izaera orokorra ukatuz lurralde erkideko indarreko arauketarekin bat ez zetorrelako eta euskal lurraldean bakarrik aplika ahal delako.

Ekonomia Ituna Europan txertatzea eta blindatzea

Handik bi urtera, 2006ko irailaren 6an, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak Azore auzian epaia eman zuen, Geelhoed abokatu orokorraren irizpideetan oinarrituta. Epai horrek, lehenengoz, argitu zituen erregio-mailako araubide fiskalak Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat egoteko baldintzak. Epai horretan, Estatuz azpiko erakundeen autonomia neurtzeko hiru parametro finkatu ziren, izaera orokorreko xedapen fiskalak emateko: erakunde-autonomia, prozedura-autonomia eta finantza-autonomia. Modu horretara, ukatu egin zen erregio bateko neurri fiskalak, erregio jakin batean bakarrik aplikatzeagatik, hautagarriak direla eta ondorioz, Estatu-laguntza direla.

Azore doktrinari jarraiki, 2008ko irailaren 11n, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak berretsi zuen Ekonomi Itunak eta araugintzako foru-autonomiak Europar Batasunean lekua zutela. Epaiaren esanetan, Estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren arauketa errespetatzen zuten; arauketa hori izan da, hain zuzen, azken urteotan Lurralde Historikoek Sozietateen gaineko Zergan duten araugintza-ahalmena zalantzan jarri duena. Epaiari esker, Justizia Auzitegi Nagusiak jarri zuen epaitu aurreko arazoa konpondu zen, 2004ko Auzitegi Gorenaren epaiak Europar Batasuneko zuzenbideari buruz sorrarazitako zalantzak argituz.

Auzitegiaren epaitza horrek sendotu zuen Ekonomi Itunak emandako araugintza-ahalmena, eta hilabete batzuk beranduago, 2008ko abenduaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gaitziritzia eman zien erabakitzeke zeuden errekurtso guztiei, Sozietateen gaineko Zergaren foru-arauketaren aurka zeuden errekurtsoei, alegia. Auzitegiak foru-autonomiaren aldeko doktrina sendo bat ezarri du, eta segurtasun juridiko handia eskaini dio Ekonomi Itunari Estatuaren barruan eta Europar Batasunean.

Ekonomi Itunaren etapa honen azken gertakizunik nagusiena aspaldiko eskaera bati emandako erantzuna izan da, Ekonomi Itunaren Estatu barruko “blindajearena”. Eskaera horrek galdatzen du, euskal Lurralde Historikoen edozein tributu-arauren aurka errekurtsoak jartzean, Estatuko tributu-legearen aurkako errekurtsoetan diren baldintza, betekizun edota parametro berdinetan egin ahal izatea. Horri esker, euskal Lurralde Historikoen arauen aurka egiteko, Konstituzio Auzitegiaren aurrean egin beharko litzateke eta ez, ordea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Estatuko tributu-legeentzat Espainiako antolamendu juridikoak ezartzen zuen moduan.

Horiek horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen bat aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, azken horrek zenbait lege aldatzea Gorte Nagusiei eskatzeko, besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoa. Modu horretara, euskal Foru Arau fiskalek gaindi zezaketen babes judizialaren defizit hori. Eskaera horren ondorioz,otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoa onetsi zen, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatuz. Legea 2010eko martxoaren 8an sartu zen indarrean.

Ekonomia Itunaren aldaketak

2007an, urriaren 25eko 28/2007 Legeak Itunaren aldaketa partziala eragin zuen. Alkatea hori egin zen BEZaren eta Ikatzaren gaineko Zergaren taldeen tributazioa hitzartzeko; halaber, aldaketaren xedea izan zen Sozietateen gaineko Zergan eta BEZean konexio-puntuen eragiketa-bolumena zazpi milioi eurora igotzea eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezian eta Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zergan araugintza-eskumenak gehitzea.

Era berean, Nazioarteko Itunak betetzeko informazio-trukearen arloan Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko lankidetza hobetzeko neurriak sartu ziren. Aldaketa hori Itunaren 4. artikuluari paragrafo berri bat gehituz egin zen, lankidetza-printzipioa arautzeari buruzkoa.

2014ko apirilaren 22an argitaratu da apirilaren 21eko 7/2014 Legea, zeinaren bidez Ekonomia Itunaren aldaketa onesten baita, lurralde erkidean sortutako zerga berrien ituntzea jasotzearren. Sei zerga horietatik hiruk sektore elektrikoko zenbait jarduera kargatzen dituzte, eta hauek dira: Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga, Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko Zerga, eta Erregai nuklear gastatua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko Zerga. Beste hiru zergak, berriz, hauek dira: Berotegi- efektuko gas fluordunen gaineko Zerga, Kreditu-erakundeetako Gordailuen gaineko Zerga, eta Joko-jardueren gaineko Zerga. Gainera, beste aldaketa batzuk ere egin dira, gai material eta formal batzuen ingurukoak nahiz harremanetarako organoen zenbait eskumen ingurukoak. Organook hauek dira: Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea eta Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea.

Azkenik, abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez, Ekonomia Itunaren 20 artikulu baino gehiago aldatu dira; aldaketa horiei esker hobekuntzak lortu dira Ekonomia Itunean inkorporatu diren Foru Aldundien zergen kudeaketarako ahalmenean eta administrazioen arteko koordinazioan. Ildo horretatik, gasa, petrolioa eta eratorriak atzeratzearen balioaren gaineko Zerga berrirako konexio-puntua ezarri da eta aldaketak ezarri dira konturako atxikipen eta ordainketa jakin batzuen konexio-puntuetan.

Sozietateen gaineko Zergan eta BEZean eguneratu egin da zerga eskatzeko eragiketen bolumenaren mugako kopurua eta 7 milioi eurokoa zena 10 milioikoa bihurtu da; horrela erraztu egiten da enpresa txikientzat administrazio bakarrari zergak ordaintzearena. Halaber, bi zerga horien kasuan Euskadiri egozten zaio lurralde erkidean zerga-egoitza duten eta eragiketen bolumenaren % 75 edo gehiago Euskadin egin duten zergadunen gaineko eskumena. Horrela ezabatu egiten da egunera arte zegoen asimetria bat, hau da, zergadun horiek bakarrik ordaintzen zituzten zergak Euskadin euren eragiketa guztiak foru lurraldean egiten bazituzten.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari dagokionez aurrerantzean Espainian egoiliarrak ez ziren hildako pertsonen euskal jaraunsleen tributazioa Euskadin egingo da. Beste alde batetik, halaber hemen ordainduko dira atzerrian kokatuta dauden higiezinen dohaintzak.
Horiek ez ezik, aldi berean euskal autonomia erkidegoko eta estatuko zerga-administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza lortzeko neurriak ezarri dira eta hiru prozedura berri sortu dira Arbitraje Batzordearen esparruan.

2021ean, uztailaren 29an egindako Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako erabakiaren bidez, Ekonomia Itunaren beste aldaketa bat hitzartu da. Kasu honetan aldaketaren xedea betetzeke zeuden hiru zerga-figurak hitzartzea izan da, hau da, Finantza-Transakzioen gaineko Zergak, Zerbitzu Digital Jakin Batzuen gainekoak, eta BEZaren leihatila bakarraren araubide berriak (OSS).

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien defizitaren eta zorraren erreferentzia-tasak adostu dira 2022rako, eta Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea berritu da. Horrela hutsik zeuden bi kideak izendatu dira eta batzordeburu izendatu da Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Finantza eta Zerga Zuzenbideko irakasle titularra den Violeta Ruiz Almendral andrea, eta kide berri izendatu da EHUko doktorea den Sofía Arana Landín andrea; halaber, Javier Muguruza Arrese jauna berretsi da.

Itunaren adostutako aldaketa Diputatuen Kongresuan onartu beharko da, eta hura indarrean jartzeko lege bihurtu beharko da.