Gure foru-ogasunak,
gure nortasun historikoaren zati bat

Aro Berria: Trantsizioa eta 1981eko Ituna

Konstituzioa eta autonomia-erkidegoak

Epe laburrean Estatu berri baten (Autonomien Estatuaren) oinarriak eraiki zituzten. 1978an Konstituzioa onetsi zen. Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak foru komunitateen eskubide historikoak babestu eta errespetatu zituen. Bitartean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari zegokienez soilik, 1876ko uztailaren 21eko eta 1839ko urriaren 25eko lege zaharrek indarrean izan zezaketena indargabetu zuten.

Estatu osoari zegokionez, Konstituzioak autonomia-erkidegoak eratzea aurreikusi zuen (VIII. Titulua). Autonomia-erkidego horiek elkarren artean desberdin jaio ziren hasieratik, historikoak eta arruntak bereizi zituztelako. Gainera, arestian aipatu dugun bezala, Euskal Herriaren kasuan, eskubide historikoen errespetua erantsi behar zen. Arabak Gerra Zibilaren ondoren ez zuen bere Ituna galdu; horregatik, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa berreskuratzeko, Arabak 1976an hitzartutakoa izan zen abiapuntua. 1979an Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren onespenarekin Euskadiren eta Estatuaren arteko tributu-harremanak onetsi zituzten: ohiko foru araubidearen bidez edo, hobeto esanda, Ekonomi Itunaren bidez. Beraz, 1981. urteaz geroztik eta Gobernuaren, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioen ondoren, Foru Aldundien foru-egitura zaharra antolatu zuten berriz ere.

Kupoaren sistema berria

Hasteko, Ekonomi Ituna bihurtu da Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasun nagusi. Gainera, aurrerantzean ez da Foru Aldundien menpe egongo soilik, baizik eta Euskal Autonomia Erkidego osorako kupo bakarra sinatu dute, Lurralde Historiko bakoitzari dagokiona batuta. Kupo hori nola banatu eta erakunde erkideen gastua nola finantzatu erabakitzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek akordioak sinatzen dituzte. Horretarako egin dira, hain zuzen ere, Ekarpen Legeak. Herrialde bakoitzaren errenta erlatiboa eta ahalegin fiskala aintzat hartuta, Lurralde Historikoek honela ordaintzen dute, gutxi gorabehera: erdia Bizkaiak, %35 Gipuzkoak eta %15 Arabak.

1878ko eta 1981eko kupoen arteko desberdintasun nagusia ondorengo hau da: lehendabizikoaren arabera, araubide erkidea ezarri izan balitz, Ogasun Ministerioak bildu ahal izango zukeenaren baliokidea izango zatekeen kupoa. Bigarren kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoak beregain hartzen ez dituen Estatuak hartutako kargen kontribuzioarekin identifikatzen da (adibidez, zerbitzu diplomatikoa, armada edo Lurraldeen arteko Konpentsazio-funtsa).

Kopuru hori zehazteko, kalkulua errazteko formula orokorragoa erabiltzen da. Oinarria hau da: Estatuak transferitu ez dituen eskumenetan gastatzen duena, itundu gabeko sarrerei esker jasotzen duena eta defizita. Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoari gastu eta diru-sarrera horien ehunekoa egokitu behar zitzaion. Euskadiko errentak Estatuko errentan duen pisua aintzat hartzen duen gutxi gorabeherako kalkuluari esker, ehuneko hori %6,24 dela zehaztu zen.

1981 urtetik aurrera, Kupoaz gain, Estatuaren eta EAEren arteko finantza-harremanetan egokitzapen batzuk egiten dira diru-sarreren egozpena hobetzeko, eta itundu gabeko sarreretan udalen parte hartzea hobetzeko ere bai. Arian-arian, Itunaren edukia zabalduz joan da, zerga eta aukera berriak bereganatuz. Ildo horretatik, 1986an Espainiako Estatua Europako Ekonomi Erkidegoan sartu zenean, Ituna aldatu egin zen Balio Erantsiarekiko Zerga (BEZa) sartzeko. 1997an Zerga Bereziak bereganatu ziren (tabakoa, alkoholak eta abar) eta zuzeneko zergen (PFEZ eta Sozietateen gaineko Zerga) araugintza-ahalmena handitu zen. 1997ko zati bateko aldaketa horren ondoriorik nabarmena kupoa handitu zela izan zen. Araugintza-ahalmenaren autonomia handiago hori modu eragingarrian gauzatzeko eta aurrera eramateko, hainbat Foru Arau onartu izan dira, baina sarritan Estatuak arau horien aurkako errekurtsoak jarri ditu. Horren azalpena, bizikidetza politikoko arazoez gain, Foru Arauen araudi-lerruna bera da, Lurralde Historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek onartzen baitituzte tributu-arau horiek.