Ezagutu Ekonomia Itunaren
gertaera garrantzitsuenak

Sorrera, Bilakaera eta Abolizioa

1876 – 1978

Ituna sortu zen
“Foru Aldundiak Probintzia Diputazio bihurtu ziren, eta itundutako zergen bilketa agindu zitzaien; hala sortu zen Ekonomi Ituna”

Antonio Cánovas del Castillok, Gobernuko Presidenteak, 1876an probintziei betebehar batzuk ezarri zizkien: Ogasunari dirua ordaintzea eta gizonek kintetan parte hartu behar izatea. Aldundiek erabaki horiei uko egin zieten, eta 1877an Presidenteak Foru Aldundien ordez Probintzia Diputazioak ezarri zituen, Espainiako gainerako probintzietakoak bezala. Hala ere, zerga bilketa betearazteko ez zegoen beharrezko administrazio egiturarik, eta ez zen akordiorik egon: Diputazioek bildu beharko zituzten itundutako zergak, eta Estatuko Ogasunari ordaindu beharko zioten “Ogasun Ministerioak bere kabuz bildu ahal izango omen zuena”. Hala sortu zen Ekonomi Ituna izenekoa.

Meatzaritza eta Trenbidea
“Itunaren eskutik, meatzaritzak eta nazioarteko merkataritzak garapen ekonomikoa bultzatu zuten, eta hala gizarte industrial oparoa sortu zen”

Euskal Diputazioek eskumen horiei eutsi zieten, eta horren ondorioak hazkunde demografikoa eta oparoaldi ekonomikoa izan ziren. Bigarren Gerra Karlistaren ostean meatzaritzaren “boom”a etorri zen. Horregatik, azpiegitura berriak sortu behar izan ziren, batez ere portuak hobetzeari zegokionez, mineralen nazioarteko merkataritzarako, eta trenbideak eraikitzeko. Trianoko Meatzaritza Trenbidea aitzindaria izan zen Espainian, eta titulartasun publikokoa zenez, diru-sarrera ugariak sortu zituen industriaren garapen aldi betean. Garai hartan inguruko herriekin merkataritzan aritzeari ekin zitzaion, eta tokiko siderurgia enpresak sortu ziren, geroago Bizkaiko Labe Garaiak izango zirenak.

Oparotasun urteak eta Aldaketak
“Ituna onuragarria izan zen zerikusia zuten alde guztientzat; euskal ekonomiak eta euskal kulturak oparoaldia izan zuten”

Hasieran, Ekonomi Ituna urte gutxi batzuetarako akordioa izango zen. Hala ere, oso onuragarria izan zen alde bientzat: alde batetik, estatuak diru-sarrerak jasotzen zituen berehala eta modu seguruan, berak inolako gasturik egin gabe; beste aldetik, Diputazioek eskumen eta autonomia zabalak zeuzkaten: udalak eta errepideak kontrolatzen zituzten, polizia kidego propioak zeuzkaten (miñoiak eta mikeleteak), etxaldeak, katedrak eta konta ahala proiektuak ematen zituzten, hori guztia oparotasun ekonomikoak bultzatuta. Gobernu aldaketek ere ez zioten kalte handirik egin sistemaren osasun onari.

Ogasun Zentralaren funtzionamendu aldaketen ondorioz Itunean ere aldaketak egin ziren, baina sistema malgua izan zen, aldaketa horiek jasaterakoan.1886an eta 1893an aldaketa batzuk egin ziren eta 1894an Ogasun Ministerioak beren beregi onartu zuen Aldundien “independentzia ekonomiko eta administratiboa”.

Asaldura aldietan ere, Kubako Gerran (1898), adibidez, ez zen aldaketa handirik egon: Urte hartan aparteko Dohaintza itundu zen, eta alde guztiak pozik geratu ziren.

XX. mendeko lehen urteak onak izan ziren euskal enpresentzat: legearen arabera, zergak euskal kutxei soilik ordaindu behar zizkieten, eta Bizkaiko ekonomia gero eta dinamikoago eta hedakorrago bilakatu zen. Gero eta gehiagotan estatuko enpresekin harremanetan jartzen ziren; horregatik zenbait tirabira sortu ziren estatuko Ogasunarekin, azken horrek zerga batzuk kobratu nahi zizkielako, legearen arabera kobratu ezin zituenak. Hori konpontzeko, 1906an kupoa berriro negoziatu zen, ohikoa baino epe luzeago baterako, 20 urterako, gehitze txiki batekin iraunaldiaren hamargarren urtean.

Lehen Mundu Gerra aldi onuragarria izan zen zeharo euskal ekonomiarentzat. Espainia gatazka hartan neutrala izan zen. Horri esker, euskal industria hainbat produkturen hornitzailea izan zen gerran zeuden potentzientzat. Prezioek egundoko igoera izan zuten eta ontzigintza eta siderurgia industriek irabazi ugariak izan zituzten. Hurrengo urteetan eskolak sortu ziren, bideak hobetu ziren eta hainbat erakunde inauguratu ziren, esate baterako, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia.

Gerra Zibila eta Itunaren abolizioa
“Gerra Zibilean Nazionalek irabazi ondoren, Francisco Francok Bizkaian eta Gipuzkoan Ituna indargabetu zuen, probintzia horiek ‘probintzia traidore’tzat jotzen zituelako”

1906ko akordioa erabat zaharkituta geratu zen, eta 1926an berritzeko unea heldu zenerako, panorama guztiz bestelakoa zen, hogei urte atzerago zegoenarekin alderatuta: Aldundiek kupoa negoziatzerakoan ezin zuten gehiago erabili “lurraren pobrezia”ren argudio tradizionala. Horren ondorioz tirabirak sortu ziren Aldundien eta Ogasun Ministerioaren artean, batez ere Bigarren Errepublikan eta Autonomia Estatutuaren eztabaidaren erdian.

1936ko uztailean Gerra Zibila (1936-39) hasi zen. Euskal ogasunak zergak biltzen jarraitu zuen gatazka urteetan, eta Eusko Jaurlaritza moneta politikaz arduratu zen. Hala ere, 1937ko ekainaren 19an tropa frankistak Bilbon sartu ziren. Horrek Ekonomi Itunaren amaiera ekarri zuen. Izan ere, handik egun gutxira promulgatu zen dekretu baten bidez, Bizkaian eta Gipuzkoan (ez zen hala gertatu Araban eta Nafarroan) ituna indargabetu zen, “probintzia traidoreak” zirelako.

Urte Ilunak
“Frankismoaren urte luzeetan zapuztu egin ziren Itunaren bidez lortutako eskubideak”

Ituna deuseztatzearen ondorioak hainbat izan ziren: beteak beste, bide sarea zaintzeari utzi zitzaion (ez zitzaion batere arretarik eman), eskolak itxi ziren eta probintzietako polizia kideagoak desegin ziren.

Frankismoaren urteetan saiakera epel batzuk egin ziren Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat estatus berezi bat negoziatzeko, saiakerarik serioenak hirurogeiko hamarkadan egin ziren, baina beti porrot egin zuten, estatu frankistaren izaera zorrozki zentralista zelako.

1975ean diktadorea hil zen, eta 1978an estatu demokratikoa eratzeko erreforma politikoa burutu zen. Urte hartan Konstituzio berria onetsi zen, eta hala, Euskadi eskubide osoko Autonomia Erkidego gisa eratu zen. Horrek hasiera berria ekarri zuen.