Ezagutu Ekonomia Itunaren
gertaera garrantzitsuenak

Trantsiziotik Gaur Egun Arte

1979 – Gaurko Sasoiak

1978ko Konstituzioa
“1978ko Konstituzioak eskainitako esparru berriak Ekonomi Itun berrituari buruzko akordioa lortzeko aukera bideratu zuen”

Konstituzio berria 1978ko abenduaren 29an sartu zen indarrean. Lehenengo xedapenean foru komunitateen eskubide historikoak babestu eta errespetatu zituen. Agiri horretan ere Autonomia Erkidegoak sortzea aurreikusi zen, erkidego historikoen eta arrunten arteko diferentziak ezarriz.

1979an Euskadiko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onetsi zen. Estatutu hartan Estatuarekiko zerga-harremanaren sistema bildu zen, eta foru sistema zaharra berrezartzea aurreikusi zen.

1981az geroztik eta legearen arabera, Euskadik berri
Ekonomi Itun propioa berreskuratu zuen, bere autonomiaren ezaugarri nagusiaren indargarriarekin. Autonomia Erkidegoarentzat kupo orokorra ezarri zen, Aldundien edo Lurralde Historikoen ekarpenek osatua. Horrela, eta hainbat negoziazioaren ostean, Aldundi batzuek eta besteek kutxa komunean egin beharreko ekarpenak honela ezarri ziren: Gutxi gorabehera erdia Bizkaiarentzat, % 35 Gipuzkoarentzat eta % 15 Arabarentzat.

Kupo berriaren kalkulua guztiz bestelakoa da 1878koarekin alderatuta. Kasu honetan “Dagozkion eskumenak besterendu ez direlako Gobernu zentralak Euskal Autonomia Erkidegoan izaten jarraitzen dituen gastuei dagokien ordainketa; gastu horiek bere lurraldeko zerbitzuengatikoak eta lurraldetik kanpoko zerbitzuengatikoak izan daitezke (adibidez zerbitzu diplomatikoak edo armada). Horietaz gainera, Lurraldeen arteko Konpentsazio Funtsari ere ekarpenak egin behar zaizkio”.

Kopuru hori zehazteko, hiru elementu hartzen dira kontuan: Estatuak transferitu ez dituen eskumenetan gastatzen duena, itundu gabeko sarreren bidez jasotzen duena eta defizita. Elementu horien neurria Lurralde Historikoetako errentak Estatuko errentan duen pisua aintzat hartzen duen egozpen-indize baten bidez kalkulatzen da, ehuneko hori % 6,24 dela zehaztu zen.

1981az geroztik Itunak aldaketak izan ditu sasoi berrietara egokitzeko; adibidez, 1986an aldatu egin zen, balio erantsiaren gaineko zerga sartzeko, edo 1997an zerga bereziak sartzeko (tabakoa, alkohola, etab…) . Garai hartan ere tirabirak sortu ziren, batez ere estatuaren eta Foru Aldundien bizikidetza politikoaren inguruko arazoengatik.

2002ko Ituna
“2002. urteaz geroztik, Ekonomi Itunak iraupen mugagabea dauka”

2002ko maiatzaren 23an Ekonomi Itunaren azken berritzea onetsi zen, gaur egunera arte indarrean egon dena. Egindako aldaketetatik, deigarriena zalantzarik gabe hau da: aldi baterako Ituna izatetik iraupen mugagabeko Ekonomi Ituna izatera pasatu zen.

Estatuaren eskumenak mugatu ziren eta lurralde historikoenak handitu ziren, hidrokarburo batzuen gaineko zergei zegokienez, baita elektrizitateari buruz, garraiobide jakin batzuei buruz, etab.

Azken urte hauetan Itunak erreklamazio judizialei aurre egin behar izan die, batez ere ondoko Erkidegoetako Erakundeen erreklamazioei, baina beti onik atera da. Esan dezakegu gaur egun Ekonomi Itunak osasun juridiko bikaina duela.

Gaur egungo Itunaren une garrantzitsu bat Arbitraje Batzordea eratzea izan da. Organo horren zeregin nagusia Estatuaren eta Foru Aldundien artean Ekonomi Itunaren ondorioz sortutako gatazkak Justizia auzitegietara jo gabe ebaztea da. Batzorde hori 2007ko uztailaren 30ean eratu zen lehenengo aldiz.

Europako Auzitegiak eta Itunaren Blindajea
“Europako Justizia Auzitegiak Itunaren izaera berezia abalatu du Erkidegoko hainbat epaitan”

Azken urteotan Europako erakundeen hainbat epaik babestu egin dute Estatuaren eta Euskal Erakundeen arteko zerga-harremanaren berezitasuna.

Une garrantzitsuetako bat, adibidez, Europako Justizia Auzitegiak Azore auzian 2006ko irailaren 6an emandako epaia izan zen. Epai horrek, lehenengoz, baimena eman zuen eskualde mailako zerga araubideak Europar Batasunaren antolamenduan egoteko. Halaber,Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak 2008ko irailaren 11n emandako epaiak berretsi egin zuen Ekonomi Itunak eta araugintzako foru autonomiak Europar Batasunean lekua zutela.

Europaren eremuko epai horiei eta auzitegi propioek emandako beste epai batzuei esker, Euskal Ekonomi Itunari orain arte ikusi gabeko segurtasun juridikoa lortu du.

2010ean Ekonomi Ituna “barrutik blindatu” zen . Horretarako, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa eta Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu ziren. Aldaketa horren eraginez, Itunaren xehetasunen aurkako errekurtsoak Konstituzio Auzitegiaren aurrean soilik aurkeztu ahal izango dira, eta ez, orain arte bezala, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegien aurrean.

2014: Zerga berriak ituntzea
“2014an onetsi diren aldaketen bidez Ekonomi Ituneko Zergen zerrenda zabaltzen da”

Apirilaren 21eko 7/2014 Legearen bidez, Ekonomi Itunean unean uneko aldaketa batzuk sartu dira, eta horiez gain, lurralde erkidegoan sortutako sei zerga berri itundu dira: sektore elektrikoaren jarduera jakin batzuk zergapetzen dituzten hirurak, Berotegi efektuko gas fluoratuen gaineko zerga, Kreditu erakundeetako gordailuen gaineko zerga eta Joko Jardueren gainerako Zerga.

2017: Ekonomia Itunaren aldaketa berria
“2017an testu itunduaren aldaketa batzuk onetsi dira konexio-puntu berriak sartzeko, eskumenen arloko mugak ezabatzeko eta koordinazio eta lankidetza arauak ezartzeko”.

Abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez Ekonomia Itunaren 20 artikulu baino gehiago aldatu dira; aldaketa horiei esker hobekuntzak lortu dira Ekonomia Itunean inkorporatu diren Foru Aldundien zergen kudeaketarako ahalmenean eta administrazioen arteko koordinazioan. Ildo horretatik, gasa, petrolioa eta eratorriak atzeratzearen balioaren gaineko Zerga berrirako konexio-puntua ezarri da eta aldaketak ezarri dira konturako atxikipen eta ordainketa jakin batzuen konexio-puntuetan.

Sozietateen gaineko Zergan eta BEZean eguneratu egin da zerga eskatzeko eragiketen bolumenaren mugako kopurua eta 7 milioi eurokoa zena 10 milioikoa bihurtu da; horrela erraztu egiten da enpresa txikientzat administrazio bakarrari zergak ordaintzearena. Halaber, bi zerga horien kasuan Euskadiri egozten zaio lurralde erkidean zerga-egoitza duten eta eragiketen bolumenaren % 75 edo gehiago Euskadin egin duten zergadunen gaineko eskumena. Horrela ezabatu egiten da egunera arte zegoen asimetria bat, hau da, zergadun horiek bakarrik ordaintzen zituzten zergak Euskadin euren eragiketa guztiak foru lurraldean egiten bazituzten.

Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari dagokionez aurrerantzean Espainian egoiliarrak ez ziren hildako pertsonen euskal jaraunsleen tributazioa Euskadin egingo da. Beste alde batetik, halaber hemen ordainduko dira atzerrian kokatuta dauden higiezinen dohaintzak.

Horiek ez ezik, aldi berean euskal autonomia erkidegoko eta estatuko zerga-administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza lortzeko neurriak ezarri dira eta hiru prozedura berri sortu dira Arbitraje Batzordearen esparruan.