Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Sarrera egotziak zuzentzeko egokitzapenak

Ekonomi Itunak egokitzapen batzuk arautu ditu Euskal Autonomia Erkidegoari egotzi beharreko sarrerak behar bezala zehazteko. Egokitzapenok zuzeneko zergen gainean eta zeharkako zergen gainean egingo dira.

Zuzeneko zergen gaineko egokitzapenak

Zuzeneko zergen egozpena behar bezala zehazteko ezarri diren egokitzapenek oinarri eta funts garbia dute: lanaren gaineko atxikipenek eta ondasun higigarrien gaineko atxikipenek Lurralde Historikoen bilketan sorrarazten dituzten ondorioak konpentsatu beharra. Izan ere, lanaren atxikipenei eta ondasun higigarrien atxikipenei dagozkien lotura-guneetan bi salbuespen ezarri dira, irizpide orokorretik aldenduta, sarrera fiskal horiek jaso behar dituen Administrazioa aldi berean ordainketa horiek zein aurrekontuetatik etorri eta aurrekontu horien titular Administrazio bera izatea ziurtatzeko.

Horretarako, lanaren etekinen gaineko atxikipenen kasuan, Estatuko Administrazioari dagozkio ordainketa aktibo zein pasiboen gaineko konturako atxikipenak, ordainketok Estatuko funtzionario eta langileei egin bazaizkie, Euskadin burututako lanak eta Euskadiko ohiko egoiliarrek jasotako etekinak badira ere.

Ondasun higigarrien kapitalaren gainean ezarritako konturako atxikipenen kasuan, Estatuko Ogasunari dagozkio Estatuak berak eta lurralde erkideko gainerako Administrazioek jaulkitako jesapenen eta zorren ziozko kontraprestazio eta korrituen gainean egin beharreko atxikipenak, horiek gauzatu diren lurraldea gorabehera.

Zuzeneko zergen gaineko egokitzapenak mamituko dira Estatuari ordaindu beharreko Kupotik kenketa bat eginez. Ez da horrela gertatuko, ordea, zeharkako zergen egozpena behar bezala zehazteko ezarri diren egokitzapenen kasuan, azken horiek fluxu lokabea eratu dutelako kupotik kanpo eta kupoaren osagarri.

Zeharkako zergen gaineko egokitzapenak

Espainiako lurraldearen barruan barneko mugarik ez dagoenez gero, Ekonomi Itunak definitutako lotura-guneak aintzat hartuta, ez datoz guztiz bat egitate ekonomikoak gauzatu diren lurraldea, batetik, eta egitate ekonomiko horiek sortutako betebehar fiskalak gauzatu behar diren lurraldearekin, bestetik.

Bat ez etortze hori gertatuko da lotura-guneen arabera lor daitekeen benetako zerga-bilketaren eta zerga-egitatea gauzatu den lurraldeari dagokion zerga-bilketa teorikoaren artean. Bat ez etortzea zeharkako zergetan ageri da, gehienbat.

Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Fabrikazioaren gaineko Zerga Berezietan egitate ekonomikoa kontsumoa da, baina benetan zergapetzen den zerga-egitatea ondasunak ematea, zerbitzuak ematea edo, bigarren zerga horien kasuan bezala, ondasunen inportazioa edota zergaren araubide etengarria uztea ala bertatik ateratzea. Zerga benetan jasaten duena azken kontsumitzailea bada ere, subjektu pasiboa zerga-egitatea gauzatzen duena izango da, hots, ondasunak ematen dituena, zerbitzuak ematen dituena edo zergaren sortzapena eragiten duena, eta horrek ere Ogasunari tributu-karga egokia ordaintzen dio.

Beste horrenbeste gertatzen da Berrerabili ezin diren Plastikozko Ontzien gaineko Zerga Bereziarekin, zeina ontzi horien erabilerari baitagokio; zergapeko egitatea, berriz, zergapeko produktuen fabrikazioa, inportazioa edo erkidego barruko erosketa da, edo, are gehiago, zerga aplikatzen den lurraldean modu irregularrean sartzea.

Berotegi Efektuko Gas Fluordunen gaineko Zergaren kasuan, uztailaren 8ko 14/2022 Legeak egindako aldaketaren ondoren, Espainiako lurraldean gas horien erabilera zergapetzera igaro da, eta zergapeko egitatea, berriz, gas horien fabrikazioa, inportazioa, erkidego barruko erosketa edo edukitze irregularra.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren, Zerga Berezien eta Berotegi-efektuko Gas Fluordunen gaineko Zergaren sarreren egozpena hobetzeko, doikuntza-mekanismo bat ezartzen da zerga-figura bakoitzaren bilketa-ahalmenaren indizearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarrek kargatutako produktu bakoitzerako duten kontsumo-indizearen artean. Guztietan doikuntzak bi osagai ditu: hasteko, inportazioak direla-eta Estatuak tributu bakoitzarekin lortutako egiazko bilketa, eta hurrenik, bigarren osagaiak lotzen ditu tributu-administrazio bakoitzaren zerga-bilketa (euskal Administrazioena edota Estatuko Administrazioarena) Administrazio horiek duten zerga-bilketarako ahalmenarekin. Halaber, aintzat hartuko da Administrazio bakoitzaren eragingarritasuna zergak biltzeko unean, eragingarritasun gutxien duen Administrazioa abiapuntutzat hartuta.

Zeharkako tributuen gaineko egokitzapenak sortu ahal izateko metodoan edo kasuetan sakondu nahi baduzu, klikatu hurrengo estekan: Zeharkako zergen gaineko egokitzapenak.