Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Eskumenen Banaketa

Ekonomi Itunak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunei aitortzen dizkien ahalmenen arabera, tributuen artean funtsezko sailkapena egin dezakegu “Araugintza autonomoko itundutako tributuak” eta “Araugintza erkideko itundutako tributuak” bereizteko.

Lehenengo tributuen kasuan, Lurralde Historikoek araugintza-ahalmena dute tributuen osagai nagusiak eratzeko, osagai horiek tributuotatik datorren tributu-zama zehazten baitute. Ekonomi Itunak “Araugintza autonomoko itundutako tributuen” artean sartu ditu, besteak beste, zuzeneko zerga guztiak (Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga, Gas erauzketaren, petrolioaren eta kondentsatuen gaineko zerga, Kreditu-erakundeetako Gordailuen gaineko Zerga eta sektore elektrikoaren gaineko zergak izan ezik: Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko Zerga, Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko Zerga eta Erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko Zerga), toki-tributuak eta zeharkako zergaren bat edo beste (Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga). Ekonomi Itunarentzat, ostera, gainerako tributuak “Araugintza erkideko itundutako tributuak” dira.

Lehenengo motako tributuei dagokienez, arau orokorra da araugintza-ahalmena osoa izango dela tributuen osagai ezberdinak arautzeko, zenbait kasutan muga batzuk ezarri badira ere tributuen osagaien alderdiren bat arautzean. Bigarren motako tributuei dagokienez, arau orokorra da Lurralde Historikoek ez dutela araugintza-ahalmenik; hortaz, lurralde erkideko arauketa aplikatu behar da. Halakoetan, euskal erakundeek tributu horien formazko osagaiak baino ezin dituzte askatasunez eratu (ordaintzeko epeak eta aitorpen-ereduak). Salbuespenez, zenbait kasutan, araugintzan ere ahalmen txikia dute.