Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Kudeaketa- eta prozedura-arauak

Ohiko bizilekua eta zerga-egoitza eta informazio-betebeharretan aplikatu beharreko lotura-puntuak zehazteko arauez gain, Itunaren I. kapituluaren 16. atalak zenbait aurreikuspen jasotzen ditu eskumen-izaerako gai batzuk argitzeko eta, halaber,  ordainarazpen- eta ikuskapen-eskumenak gauzatzeko koordinazio-prozedura zehatzak ezartzeko.

Lehenengoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: ogasun publikoaren aurkako delituak izan daitezkeen arau-hausteen kasuan garatu beharreko jarduketak aurreikustea; finantza-erakundeen lankidetza zergen kudeaketan eta ikuskaritzaren jarduketa horietan; eskumenak banatzeko arauak zergapekoen identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eta errebokatzeko; eta aplikagarria den araudia ezartzea, baldin eta administrazio biek aitortutako zerga-onurak dituzten enpresen bategite eta zatiketen kasuan.

Bigarrenen artean abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez onartutako Itunaren aldaketak manu bat sartu zuen (47.ter artikulua), eragindako administrazioen artean ordainarazpen- edo ikuskapen-eskumenak koordinatzeko betebeharra ezarriz baldin eta administrazio desberdinei badagokie honako eragiketa hauek erregularizatzeko ikuskapen-eskumena:

a) Lotutako pertsonen edo erakundeen artean egindako eragiketak erregularizatzea.

b) Eragiketen kalifikazioa, zergadunak aitortu ez duen bezala, baldin eta horrek jasanarazpenaren mekanismoa ezarrita duten zeharkako zergetan jasandako edo jasanarazitako kuotak aldatzea badakar.