Para estar al día de las novedades,
suscríbete a nuestro boletín

Actualidad

PEDRO AZPIAZU OGASUN ETA EKONOMIA SAILBURUAK EKONOMIA ITUNA HEDATZEKO ETA SUSTATZEKO 2019KO AZARORAKO ETA ABENDURAKO AURREIKUSITAKO JARDUERAK AURKEZTU DITU
martes, 28 de junio de 2016

2019/11/14

 

Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, Pedro Azpiazuk, eta Ogasuneko sailburuordeak, Itziar Agirrek, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Ituna eguneratzeko eta defendatzeko gobernu-programaren konpromisoari erantzuteko azken hiruhilekoan abian jarriko dituen jardueren berri eman dute. Horrela, «QUIZZ 41, zenbat dakizu Ekonomia Itunaz?» lehiaketa antolatu da EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleen artean; informazio-kanpaina bat diseinatu da; eta stand bat jarriko da berriro BECeko Gabonetako UGPn, non txikienek KONEKO-V bideo-jokoarekin jolasten ikasteko aukera izango duten.

Ekonomia Ituna da, 1878tik, Euskal Lurralde Historikoen eta Estatuaren arteko harreman ekonomikoaren oinarria, eta, 1981etik, Estatuaren eta Euskadiren arteko tributu- eta finantza-harremanak arautzen ditu. Funtsezko tresna da gure garapen ekonomikorako, eta egonkortasun-, oreka-, kontrol- eta erantzukizun-balioak ematen ditu. Ogasun eta Ekonomia Sailak positibotzat jotzen du finantza-tresna horren ezagutza zabaltzea euskal herritarren artean.

QUIZZ 41, UNIBERTSITATE LEHIAKETA
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, III. tituluan, 41. artikuluan, Ekonomia Ituna jasotzen du. Horregatik, unibertsitateen lehiaketak QUIZZ 41 du izena, eta atsegina eta dinamikoa izan nahi du dibulgazio-ekintzaren hartzaile diren ikasleen interesa eta inplikazioa erakartzeko. Ekintza hori EHUren, Mondragon Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen lankidetzari esker egin ahal izan da, eta zeharkako ekintza pedagogiko eta sustatzaile gisa planteatzen da, antolakuntzari dagokionez Ogasun eta Ekonomia Sailari ez ezik, Hezkuntza Sailari ere eragiten diona. Abenduaren 4an eta 5ean izango da. Lehiaketari buruzko informazio guztia www.quizz41.eus webgunean dago eskuragarri, eta bertan parte hartu nahi dutenek azaroaren 29ra arte egin dezakete izen-ematea.

Ekintza unibertsitatea eratzen duten pertsonen artean zabalduko da, ikastetxeetako sare sozialen eta kanal digitalen bidez, ikasleen interesa bereganatzen saiatzen diren umorezko mezu batzuekin.