Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

Arbitraje Batzordearen erabaki berriak
Friday, 5 de February de 2016

Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeak, joan den abenduaren 1eko ebazpenen bidez, ondoko erabakia hartu zuen: ez-egoiliar batek jasotako erretiro-prestazioak Euskal Herrian eskuratutakotzat hartzea, baldin eta prestazio horiek nagusiki lurralde horretan egindako lan baten ondorioz jasotzen badira; honakoa da erabaki horren ondorea: Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren arloan Europar Batasuneko estatu kideetako batean bizi diren zergadunentzat aurreikusirik dagoen PFEZren araberako hautazko zergapetze-araubidea aplikatzeko eskumena administrazio bati edo besteari eratxikitzea. Horrela, Batzorde horren aburuz, apirilaren 21eko 7/2014 Legean egindako aldarazpenaren ostean Ekonomia Itunaren 22. artikuluan ondorik jaso zen irizpide berbera aplikatu behar da.

Beste alde batetik, abenduaren 2ko ebazpenaren bidez, arbitraje organoak zehatz-mehatz mugatu du administrazio bakoitzak zerga arloa kudeatzeko egikaritu behar dituen ahalmenak aplikatzeko eremua; izan ere, alor horretako eskumenak egikaritzea oinarri hartuz, ukatu egiten dio Estatuaren administrazioari gatazkako beste administrazioaren (kasu honetan, Gipuzkoako administrazioaren) menpeko erakunde baten eragiketa-bolumena ezartzeko eskumena, halako moldez non aurreko beste ebazpen batzuetan aplikatutako bi oinarrizko abiaburu berretsi baititu: alde batetik, ikuskapenak egiteko arloan eskumena duen administrazio bakarra dagoela, eta bestetik, administrazio bakoitzari ordaindu beharreko zergen proportzioa eskumen hori eratxikirik duen administrazioak soil-soilik ezar dezakeela.

Azkenik, Auzitegi Gorenak, abenduaren 7eko epaiaren bidez, Arbitraje Batzordearen apirilaren 13ko 4/2014 ebazpena berretsi du; ebazpen horretan, Ekonomia Itunaren 27.1. artikuluaren hirugarren erregela aplika daitekeela adierazi zen, zeren artikulu horretan zerga-egoitzako administrazioari eratxiki baitzaio eskumen esklusiboa, baldin eta erakundearen eragiketa-bolumenak zazpi milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez badu (sei milioi euro, kasu honetan aplika daitekeen egunean indarrean dagoen idazketaren arabera); horrela, ukatu egin du Estatuaren administrazioak alegatu duen ustezko aberaste bidegaberik gertatu denik, eta ondokoa adierazi du bere bigarren Funts Juridikoan: “Estatuaren eta Lurralde Historikoen arteko zerga-boterea banatzeari dagokionez, ez da epaibide egokia eragiketa zehatz batean gertatzen den banaketa horren kariz zein administraziok hartzen duen onura eta zein administraziok jasotzen duen kaltea aztertzea. Ekonomia Ituna, itun oro bezala, akordio bat da, lagapenak eta kontraprestazioak dituena; horren guztiaren xedea oreka globala erdiestea da, egoera zehatzen batean halakorik lortu ez arren“.

Joan Administrazio-Doktrinara