Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Itunaren Azterketa

Ekonomi Ituna ohiko foru-sistema da, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-harremanak eta tributu-harremanak ezarri eta antolatzeko.

Maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bitartez onartu zen Ekonomi Ituna. Itunak honakoak jasotzen ditu: tributu-harremanetan eta finantza-harremanetan aplikatu behar diren irizpide nagusiak, tributuen gaineko eskumenak banatzeko arauak, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-fluxuak, eta Itunaren aplikazioa ebazteko ardura duten organoak.

I. kapituluak, 1. atalean, zerga-harremanei aplikatu beharreko arau orokorrak jasotzen ditu; beste alde batetik, 2. ataletik 15. atalera bitartean, zerga-figuren eskumenak banatzeko arauak zehazten dira eta, azkenik, 16. atalean, kudeaketa- eta prozedura-arauak jasotzen dira.

II. kapituluak, bere 1. atalean finantza-erlazioei aplika dakizkiekeen printzipio orokorrak identifikatu ondoren, 2. atalak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko metodologia garatzen du.

Azkenik, III. kapituluak, bere aplikazioari eragiten dioten gai guztiak ebazteko ardura duten organoen eginkizunak zerrendatzen eta garatzen ditu.

Aipatutako hiru kapituluez gain, Itunak sei xedapen gehigarri, hamahiru xedapen iragankor eta azken xedapen bat ditu. Horien artean Bigarren Xedapen Gehigarria nabarmentzen da, Itunaren edozein aldaketa onartzeko jarraitutako prozedura beraren bidez egin beharko dela aurreikusten duena (Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan hartutako erabakia eta zuzenketarik gabeko artikulu bakarreko prozeduraren bidez izapidetutako lege bidezko onarpena). Halaber, Kontzertu Ekonomikoa egokitzeko betebeharra ezartzen du, baldin eta Estatuaren zerga-ordenamendu juridikoan erreforma bat egiten bada eta aldaketa horrek tributuen ituntzeari eragiten badio, araugintza-eskumenen banaketa aldatzen bada eta horrek zeharkako zergapetzearen eremuan eragina badu, edo zerga-figura berriak edo konturako ordainketa berriak sortzen badira.