Ezagutu modu arinean
Ekonomia Itunaren Gakoak

Laburbilduz

Zer da gaur egun Ekonomia Ituna?

Ekonomia Ituna Euskal Autonomia Erkidegoaren finantziazio-sistema propioa da, eta horren arabera ezartzen eta arautzen dira Estatuaren eta Espainiako Estatuaren arteko finantza- eta zerga-harremanak.

Gaur egun indarrean dagoen 1978ko Konstituzioak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako eskubide historikoen adierazpen gisa bermatzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren esparruan eguneratzea aurreikusten du.

Ekonomia Itunaren sorrera

Ekonomi Ituna foruak ezeztatu ondoren eratzen da, XIX. mendearen amaieran, II. Karlistaldia bukatu zenean, Euskal probintziek Espainiako finantzetan parte hartzeko sistema moduan, eta Foru Aldundiei beraien zergak biltzeko eskubidea emanez, haien gastuei eta Estatu Espainiarrarekin batera zituztenei aurre egiteko.

Lehen Ekonomi Ituna 1878an onartu zen eta behin eta berriro berritu da gaur egun arte, frankismo-garaian izan ezik. Garai horretan Ituna indargabetu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, 1981ean berriro berreskuratu arte. Azken berritzea 2002an izan da.

Zertarako balio du?

Ekonomi Itunak ezarritako eskumenak erabilita, Euskal Autonomia Erkidegoak euskal biztanleek ordaintzen dituzten zergak biltzen ditu, biztanleok jasotzen dituzten zerbitzu publikoen ordainketei aurre egiteko.

Lurralde Historikoen (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba) erakunde eskudunek (Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiek) erabakitzen, kudeatzen eta biltzen dituzte herritarrek ordaindu behar dituzten zergak eta hauen kopurua.

Erakunde hauek herritarrengandik hurbil daudenez, Euskadiko herritarrok ordaindutako zergak eta jasotako zerbitzuak euren egiazko beharrei egokitzen direla ziurtatzen da.

Zer da kupoa?

Kupoa Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuari ordaindu behar dion kopurua da, Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu ez dizkion eskumenak ordaintzeko, besteak beste, Defentsa gastuak, Nazioarteko Harremanetako gastuak edo Koroarenak.

Autonomia Erkidego gustiek dute Euskal Ekonomia Ituna?

Estatu espainiarrean Ekonomi Ituna beste bi finantza sistemarekin batera dugu: batetik, Nafarroako Foru Erkidegoak duen Ituna, Euskal Ekonomi Itunaren antzeko ezaugarriak dituena, eta bestea, LOFCAn (Autonomia Erkidegoak Finantzatzeko Lege Organikoa) oinarritutako erregimen komuna, beste Autonomia Erkidegoak zuzentzen dituena.

Zeintzuk dira Itunaren erregimena eta erregimen komunaren arteko desberdintasunak?

Bai jatorriak bai bere ezaugarriek eta edukiak bereizten dituzte Itunaren erregimena komunetik.

Itunaren erregimenak XIX. mendearen amaiera aldean du jatorria, euskal lurraldeak Espainiako Estatuaren lurralde- eta ekonomi antolaketa osatzeko sortu zenean. Erregimen komuna, ostera, 1978ko Konstituzioaren berrikuntza da.

Edukiari dagokionez, Itunaren erregimena ahalmenaren irizpidean oinarritzen den eskualdeko finantzaketa sistema publikoa da. Hala ere, erregimen komuna beharrizanean oinarritzen da. Euskal Herriak bere ondasun erlatiboaren arabera hartuko du parte gastu komunetan. Autonomia Erkidegoek, bestalde, Estatuaren finantzaketa jasoko dute transferitutako eskumen gastuei aurre egin ahal izateko.

Zeintzuk dira Itunaren erregimenaren oinarrizko ezaugarriak?

Itunaren erregimenak sistema paregabea bihurtzen duten berezko ezaugarriak ditu.

  1. Adostutako erregimena da. Oinarrizko erabakiak Euskal Herriko eta Estatuko ordezkariek osatutako batzorde paritarioan hartzen dituzte. Negoziaketaren emaitzak lege moduan onartuko dira eta Espainiar parlamentuak ezin izango ditu aurretiaz adostutako edukiak aldatu.
  2. Erregimen historikoa da. Ekonomi Ituna 1878. urtean onartu zen lehen aldiz euskal lurraldeak estatuko sistema ekonomikoan integratzeko.
  3. Konstituzionala da. 1978. urteko Espainiar Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak aditzera ematen du Itunak lurralde foralen eskubide historikoak babestu eta errespetatu egiten dituela. Hau dela eta, eskubide historiko hauen benetako eredua Ituna da.
  4. Solidarioa da. Ekonomi Itunak egiaztatu egiten du Euskal Herriak gastu komunei lagunduko diela modu proportzionalean bere ondasunaren arabera. Gainera, Lurraldearteko Konpentsazio Funtsa finantzatzen laguntzen du. Funtsa Espainiako Konstituzioak lurraldeen arteko desorekak zuzentzeko eta elkartasun-printzipioa eraginkortasunez ezartzeko aurreikusitako tresna da.
  5. Erantzunkizuneko edo aldebakarreko arrisku erregimena da. Euskal Herriak gastu komunei lagundu behar die bere finantzen egoera kontuan hartu gabe, jartzen duen kopura (Kupoa) Estatuko administrazioaren nahi esklusiboaren esku dauden aldagaien bidez bakarrik kalkulatzen baita.
Eduki ditzake Euskal Autonomia Erkidegoak lurralde erkidean dauden zergez bestelako zergak?

Itundutako tributu-sistemak Estatuko zergen egitura orokorra errespetatu behar du. Horrek esan nahi du, batetik, itundutako zergek lurralde erkideko zergapetze-mota errepikatu behar dutela, eta, bestetik, Estatuko tributu-sisteman sartzen diren zergak, atxikipenak eta konturako ordainketak nahitaez itunduak izan behar direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko presio fiskala izan daiteke Estatuko gainerako lekuetako presio fiskalaren desberdina?

Euskal Autonomia Erkidegoak benetako presio fiskal orokorra Estatuko gainerako lekuetan dagoenaren parean mantendu behar du. Horregatik, lurralde historikoetako erakunde eskudunek zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dute beren lurraldean, zerga-harmonizaziorako arau orokorrak eta zerga bakoitzarenak errespetatuz.