Itunaren informazio guztia
zure zerbitzura

Zerga Harremanak

Ekonomi Itunaren I. kapituluak tributu-harremanetan aplikatzen diren printzipio orokorrak ezartzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eta Estatuaren arteko eskumenak banatzen ditu. Modu horretara, Lurralde Historikoetako tributu-sistema osatzen duten itundutako tributuen banaketa egiten da, tributuz tributu araugintza-ahalmena, ikuskatzeko ahalmena eta biltzeko ahalmena EAEri edo Estatuari egotzita.

Eskumen horiek banatzeko ereduak irizpide klasikoetan du oinarri: ohiko egoiliartasuna eta egoitza fiskala. Irizpide horiek erabili ohi dira, hain zuzen, Estatuen artean tributu-ahala banatzeko, eta Ekonomia Garapen eta Lankidetzarako Erakundeak (EGLE-OCDE) zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenen ereduetan irizpide horiek jaso ohi ditu. Espainiako Estatuko lurraldean tributu-administrazio batzuk elkarrekin daudenez, Ekonomi Itunak irizpide bereziak ezarri ditu Administrazio bakoitzari egotzi beharreko tributu-zama banatzeko, eragiketen kopurua eta lekua, kasu.

Pertsona fisikoen ohiko egoiliartasuna eta pertsona juridikoen egoitza fiskala zehazteko irizpideak Ekonomi Itunaren I. kapituluaren XVI. Sekzioan garatu dira. Irizpide horiek aplikatu ahal izateko, zergaduna Espainiako lurraldeko egoiliarra izan behar da.

Oro har, pertsona fisikoa lurralde bateko ohiko egoiliar izatean, pertsona zergaldiko egunik gehien zein lurraldetan egon edota aurreko urtearen egunik gehien zein lurraldetan egon eta lurralde horretako tributu-administrazioa izango da eskuduna. Pertsona juridikoei dagokienez, egoitza fiskala bat dator sozietate-egoitzarekin, baldin eta sozietate-egoitzan negozioen zuzendaritza eta administrazioaren kudeaketa benetan zentralizatu badira.

Sozietateen gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tributu-zama banatzeko, Administrazio bakoitzaren lurraldean gauzatu diren eragiketen kopurua zenbatuz egingo da. Ekonomi Itunarentzat eragiketen kopurua izango da “subjektu pasiboak, bere jardueran egindako ondasun-emateak eta zerbitzu-emateak direla-eta, ekitaldi batean hartzen dituen kontraprestazio guztien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta baliokidetasun-errekargua kenduta, halakorik badago“. Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu diren eragiketak zein diren jakiteko Ekonomi Itunak berak eragiketa horiek kokatzeko erregelak jaso ditu.

Ohiko egoiliartasuna eta egoitza fiskala zehazteko irizpideak labur bildu dira “Egoitza fiskala, Euskadin” izeneko koadroan.

Eragiketak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzeko erregelak kontsulta ditzakezu “Eragiketak gauzatu diren lekua” izeneko koadroan.