Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

"Funtsezkoa da herritarrek zuzenean jakitea zein garrantzitsua eta egokia den Ekonomia Ituna"
Monday, 3 de April de 2023

UNAI REMENTERIA
Bizkaiko Diputatu Nagusia

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia da, baina haren ibilbide politikoa 1999an hasi zen, Ad Concordiam sortu baino urtebete lehenago hain justu. Urte horretatik aurrera askotariko ardurak hartu ditu EAEko Administrazioaren esparru guztietan: Udal Administrazioan, Eusko Legebiltzarrean eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundian. Ibilbide horretan zehar beti izan du Ekonomia Itunaren aldeko jarrera, eta sistema horrek Euskal Autonomia Erkidegoan daukagun ongizate estatuari eusteko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu izan ditu.

Berarekin batera aztertuko ditugu Ekonomia Itunaren oraina eta geroa eta eragiten dioten gaiak, tartean Estatuko talde politiko batzuetatik behin eta berriz jaso ohi dituen kritikak.

 

Politikan daukazun esperientziaren argitan, noraino uste duzu Ekonomia Ituna garrantzitsua dela gure herriarentzat, gure erakundeentzat eta gure herritarrentzat?

Nire zeregin politikoek bizitzaren erdia hartu didate, 25 urte, baina horrekin batera lan ibilbidea ere egin dut abokatu bulegoetan. Eta esan behar dut Ekonomia Itunaren garrantzia, zalantzarik gabe, oso argi ikusten dela erakunde batean lan egiten duzunean, bai Bizkaiko Foru Aldundian zein udal batean, zeren, kudeatzen jardun ahal izateko, baliabide publikoak behar baitira. Baina uste dut beharrezkoa dela kontzientziazio lana areagotzea esparru pribatuan, eta horretan ari gara. Beharrezkoa da esparru hori jabetzea zein garrantzitsua den baliabide horiek hemen edukitzea, geure araudiak onartzea eta geure Ogasuna eta altxor publikoa edukitzea. Hortik datorrelako gure sistema, bai eta lurralde historiko bakoitzean nahiz Euskal Autonomia Erkidego osoan gozatzen dugun ongizate estatuaren iraupena ere.

Ekonomia Ituna, esan nahi duen guztia, haren ondorioak… erabakigarriak dira ongizate estatuaren iraupen horretan. Horregatik, uste dut herritarrek sakonean ezagutu behar luketela sistema hori.

 

EAEko erakundeen eskumenen eta Ekonomia Itunaren beraren esparrura etorrita, Bizkaiko ahaldun nagusi moduan izan dituzun bi agintaldietan zerga figura berri batzuk itundu eta gure zerga sistemei gehitu zaizkie. Hala ere, euretariko gehienetan ezinezkoa izan da EAEko ogasunei araugintzarako ahalmena aitortzea. Lurralde historikoen zerga ahalmenen aitorpen zabalagoaren falta sumatu duzu?

Bai horixe. Administrazio Publikoan ondo baino hobeto ezagutzen dugun printzipio bat bete behar delako: subsidiariotasun printzipioa. Herritarrengandik hurbilen dauden parlamentuek eta gobernuek hartzen dituzten erabakiak askoz eraginkorragoak dira. Eta horren adibide argia da Ekonomia Ituna.

Lurrari zenbat eta atxikiago, hainbat eta erabaki egokiagoak hartzen dira, askoz hobeto ezagutzen delako non hartzen ari diren erabaki horiek. Sinetsita nago, beraz, zeharkako zergen arloa, BEZa, zerga bereziak eta abar arautzeko ahalmena izanez gero askoz eraginkorragoak izango ginatekeela; gure hobekuntza eta eraginkortasuna askoz handiagoak izango lirateke.

 

Azken agintaldi honetan inoiz ez bezalako krisi bati aurre egin behar izan diozu, pandemiak sortutakoari. Bizkaiko Foru Aldundiak ezohiko hainbat neurri hartu behar izan ditu laster batean. Noraino da Ekonomia Ituna tresna baliozkoa pandemiak sortu duen bezalako egoerei aurre egiteko?

Autonomoen, mikroenpresen eta ETEen salbuespen guztiak, zergen ordainketa geroratzeko kontuari dagokionez egin dugun guztia eta premia handiena zuten pertsonentzako laguntzak… Hainbat eta hainbat neurri hartu ahal izan ditugu Ekonomia Itunari esker, subsidiariotasun printzipio horren aplikazioari esker, eta, dagoeneko aipatu dudanez, errealitatea hurbil-hurbiletik ikusita hobeto har ditzakegu erabakiak.

Pandemia adibide ona da Ekonomia Itunaren garrantziaz ohartzeko. Eta, berriro diot, uste dut herritarrek hori jakin behar dutela, jabetu daitezen garrantzia horretaz, sistema honek euren egunerokoan duen pisuaz.

 

Estatuan tirabira eta amorrazio politiko handiko unea bizitzen ari gara. Egoera horrek zenbateraino eragiten du Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Gobernuaren arteko finantza harremanetan?

Krispazioa beti da txarra esparru guztietan. Eta honako honetan ere bai. Ekonomia Ituna adostasunaren sinonimoa da. Batzorde Mistoan Estatuko Administrazio Orokorra eta EAEko administraziook eztabaidagune berean elkartzen garenean, aho batez hartu behar ditugu erabakiak. Beraz, atzean dagoen krispazio hori txarra da.

Berriro diot. Ekonomia Ituna adostasuna da, oreka da, segurtasun juridikoa eta tributu segurtasuna. Herritarrengan ongizatea sortzeko tresna bat da. Eta gure ekintza politikoan ahaleginak egin behar ditugu ongizate hori lortzeko, posizio hobea ematen diolako gure gizarteari. Oreka, segurtasun juridikoa eta tributu segurtasuna funtsezkoak dira, eta gizartearentzat onena ere badira.

 

Zure azken agintaldiko proiektu nabarmenetako bat izan da zerga politika lerrokatzea garapen jasangarrirako helburuekin, eta lan horretan Mariana Mazzucatoren eskutik jardun duzue. Noizko gauzatuko da proiektu teoriko hori, eta zenbateraino da beharrezkoa lerrokatze hori?

Proiektu hau ariketa teoriko hutsa baino zerbait gehiago izan da. Zergen arloko neurri guzti-guztiak aztertzeko lana egin dugulako. Ogasuneko funtzionario eta zuzendariek garrantzizko ahalegina egin dute eta gaitasun handia erakutsi dute, aztertu baitute nola egin daitekeen prospektiba bat, zerga figurek hurrengo urteetan nolakoak izan behar duten argitzeko. Eta uste dut horixe dela etorkizuna.

Energia krisiak eta industrian egiten ari diren trantsizioek etorkizun jasangarriago batera eramango gaituzte –eskerrak, horrela izan behar baitu–, eta fiskalitatea errealitate horri egokitu behar zaio. Baina hori ere trantsizio baten bidez egin behar dugu, ezin da egin goizetik gauera. Izan ere, ez da ona goizetik gauera egitea. Trantsizio horixe egiten ari gara. Zerga figurak egokitzen ari gara garapen jasangarrirako helburu horiek betetzeko, baina ahaztu gabe pertsonek lanean jarraitu behar dutela, lanpostu duina behar dutela, gizarteak industria sendoa behar duela eta industriak, berriz, jarduera.

 

Fiskalitatea ere trantsizioan dago. Fiskalitate globala dagoeneko hortxe daukagu, eta gaur egun ELGAn edo Europar Batasunean hartzen ari diren erabakiek zuzeneko eragina dute gure ahalmenetan.  Mugimendu global horiek indartu egingo dituzte gure zerga ahalmenak edo, alderantziz, arlo horretan jarduteko tartea murriztuko digute?

Gure esku dago –neurri batean behintzat– batera edo bestera izatea. Tokian tokiko errealitatetik oso urrun hartzen diren erabaki guztiek badituzte arriskuak. Baina guretzat aukera ere izan daiteke, Ekonomia Ituna dela-eta Europan sistema autonomo eta independentetzat hartzen gaituztelako, zerga sistema propiotzat. Eta zerga sistema propioek hizpidea eta botoa izan behar dituzte erabakiak hartzen diren guneetan.

Hori aldarrikatzen jarraitu behar dugu. Europak zerga sistema propiotzat onartzen bagaitu, ELGAn edota Europar Batasunean erabakiak hartzen direnean bertan egon behar dute EAEko sistemak eta Bizkaiko zerga sistemak, erabaki horietan parte hartu behar dute. Horregatik, uste dut aukera bat izan daitekeela ikuspuntu horretatik.

 

Orain heldu diezaiegun finantzaketa sistemaren inguruko gaiei. Azken bi legegintzaldi hauetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren buru zinela, garrantzi handiko finantza akordioak egin dira, esaterako 2017ko akordioa edo kupoari buruzko 2017-2021 eta 2022-2026 aldietarako legeak. Hala ere, negoziazioetan zehar alderdi politiko batzuek eta are hedabide batzuek pribilegiotzat jo izan dute Ekonomia Ituna. Uste duzu benetan hala deritzotela? Edo beste hauteskunde barruti batzuetan botoak lortzeko erabiltzen duten auzia dela?

Espainiako politikan dagoen amorrazioaz hitz egin dugu oraintxe. Etengabeko amorrazio horretatik ihes egin behar dugu. Uste dut baieztapen horien atzean iskanbilan ibili beharra besterik ez dagoela. Zeren, adibidez, Ekonomia Itunaren azken aldaketa Diputatuen Kongresuko talde politiko nagusiek onartu baitute, bai Alderdi Popularrak bai Alderdi Sozialistak.

Eta funtsezkoa iruditzen zaidan datu bat aipatu nahi dut, hemen eta Estatuan aintzat hartu behar dugun zerbait. Sistema beti neurtzen da diru-bilketari buruz egindako aurreikuspenen arabera. Guk azken zortzi urteetan % 40 handitu dugu diru-bilketa. Daukagun zerga sistemarekin, 7.500 milioi euroko diru-sarrerak izatetik, joan den urtean 10.500 milioi izatera igaro gara, Bizkaian bakarrik. Eta izugarri garrantzitsua iruditzen zait datu hori bizkaitar guztiek jakitea eta hemendik kanpo ere jakitea.

 

Hain zuzen ere, esatekotan izan naiz azken bi legegintzaldi hauetako krisiak gorabehera gure finantzak nahiko sendo daudela, hainbat arrazoi tarteko. Ekonomia Itunaz gainera, izan da beste faktoreren bat gure finantza sistema sendotu eta krisi egoeren aurrean hobeto erantzuteko gai egin duena?

Ekonomia Ituna eta zerga sistema sendotasun hori lortzeko bitartekoak dira, bai. Baina niri gustatzen zait gogora ekartzea Ekonomia Itunak eta zerga ahalmenak ondo funtzionatzen dutela gure sare ekonomikoa sendoa eta indartsua denean. Horregatik, zergen bitartez jasotzen ditugun irabazi eta baliabide publikoen zati bat erabili behar dugu jarduera eta berrikuntza sustatzeko, jarduketa berrietarako, sare ekonomikoari laguntzeko, hortik elikatuko garelako atzera. Sistema honek atzera elikatzen du bere burua: zenbat eta hobeto egon gure sare ekonomikoa, hainbat eta hobeto egongo gara ikuspuntu finantzariotik. Beraz, Ekonomia Ituna bitarteko bat da, baina bitarteko hori sendotu egin behar dugu.  Eta horretarako jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortu behar dira.

 

Ahaldun nagusi gisa egin dituzun agintaldietan beste mugarri bat izan da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea onartzea. Udalerri bateko alkatea ere izan zara; ikuspegi horretatik nola baloratzen duzu gertaera hori? Zenbateraino uste duzu legea beharrezkoa zela? Ez ote du apur bat traba egiten erabakiak hartzerakoan?

Seguruenik, Europa osoko eskualde edo herrialde bakar batean ere ez dute udalek parte hartzen beren finantzaketari buruzko erabakietan. Eta hemen hori egiten ari gara. Traba egiten du? Bai, seguru asko. Baina ona dela uste dut, alde instituzional bakoitzak badakielako zenbat kostatzen den baliabide horiek sortzea eta nola egin behar den banaketa.

 

Hitz egin dezagun politikaz. Aspaldi honetan mahai gainean dago Euskal Autonomia Erkidegoarentzako estatus politiko berri bat Ekonomia Itunari begira. Zer deritzozu Itunaren eredua EAEren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanetan aplikatzeari?

2016an, oker ez banabil, Madrilen hitzaldi batean esan nuenari eusten diot. Orduan jada esan nuen bezala, Ekonomia Itunaren bitartez Estatuarekin orekan, aho batez eta betiere akordioen bidez aritzeko modu hori bideragarria baldin bada fluxu ekonomikoen eta zerga sistemaren ikuspuntutik, zergatik ez da izango bideragarria gastuaren aldetik?

Diru-sarreren inguruan, erabakiak batera hartzen ditugu Itunari esker. Eta gastuaren, ematen diren zerbitzu publikoen eta baliatzen diren eskumenen inguruan ere, ona litzateke itun politikoa eduki ahal bagenu. Uste dut egin daitekeela. Borondate kontua da, landu egin behar dugu. Bata egin ahal izan zen bezala bestea ere egin liteke.

 

Amaitzeko, jakin nahi nuke zer balorazio egiten duzun Ad Concordiam elkarte honek garatzen dituen jarduerez eta beste batzuek, adibidez Pedro Luis Uriarteren Itunaren Lagunak mugimenduak edo Ekonomia Itunaren Agiritegiak, egiten duten lanaz.

Amaitzen ari gara, baina lehenengo galderara itzuliko naiz. Nire iritziz funtsezkoa da herritarrek zuzenean jakitea zein garrantzitsua eta egokia den Ekonomia Ituna eta zer esan nahi duen, eta nola funtzionatzen duen, alde bakar batek arriskua bere gain hartzearen printzipioan eta EAEko erakundeek arriskua partekatzearen printzipioan oinarrituta. Horregatik, egiten duten, egiten duzuen lana guztiz garrantzitsua da. Ekonomia Ituna eskola eremuan ere ezagutarazteko abiatu duzuen ekimenak eta antzekoek izugarri laguntzen dute helburu hori lortzen, alegia, herritarrek gure sistema ezagutu eta ulertu dezaten lortzen. Beraz, bide horretan lanean jarraitu behar dela uste dut.

Eskerrik asko.

Eskerrik asko zuei.