Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

Inportazioaren gaineko BEZaren likidazio-sistema berrian BEZa ezartzeko kokalekuari buruzko arauen eta bereizkeriaren gaineko epaiak eta doktrina
Monday, 6 de June de 2016

Auzitegi Gorenak, otsailean, zenbait ondasun-emateren kokalekuaren gaineko bi epai eman ditu. Aipaturiko epai horietan, Rover auziaren ebazpenean izandako irizpideak berrikusi egiten dira nolabait. 2016ko otsailaren 3an emandako lehenbiziko epaian, Nafarroako Hitzarmenaren Arbitraje Batzak aldez aurretik emandako argudioei jarraituz, hauxe zioen Auzitegi Gorenak: gasa eroslearen instalazioetan sartzen den unean gertatzen dela gasaren jabetzaren eskualdaketa. Horregatik, komertzializazioaren jardueran, kontagailua dagoen tokian ulertu behar da jarri dela gasa bezeroaren esku. Bigarren epaian ere, otsailaren 9koan, Ekonomi Itunaren Arbitraje Batzaren irizpidea berresten du Auzitegi Gorenak. Horren arabera, merkaturaturiko erregaia ematen den tokia da gordailu fiskala, hain zuzen erregaia eskuratzaileen eskura jarri den tokia eta, beraz, horixe izango da eragiketaren kokalekua BEZaren ondorioetarako.

Bi epaioi dagokienez, Gorka Garitaonandiaren lan bat dakar Forum Fiscal aldizkariaren 216. zk.ak (“Jurisprudentzia aldaketa Auzitegi Gorenaren doktrinan “Rover” epaia dela eta. Aduanakoa ez bestelako gordailuaren araubidea 2016an“). Lan horretan, Auzitegi Gorenak aipaturiko ROVER epaia eman zenetik zergaren kokalekua ezartzeari buruzko irizpideetan izandako bilakaera aztertzen du. Bestalde, Iñaki Alonso Arcek, aldizkari berean, otsailaren 9ko epaiaren analisia hartzen du ardaztzat, bere artikuluan: “Merkaturatzaileek energi produktuak ematea eta Rover epaia: ikuspegi berria Disa epaiaren ondotik“.

Azkenik, Auzitegi Gorenak, otsailaren 9ko epaian, zuzenbidearen kontrakotzat jo du abenduaren 19ko 1073/2014 Errege Dekretuak dakarren araudia. Hori dela bide, honako aukera hau ezarri da: inportazioaren gaineko BEZaren kuotak sar daitezkeela autolikidazioa egitean, aurreko sisteman ez bezala. Izan ere, sistema horretan inportazioaren gaineko BEZa AEATen ordaindu behar zen aduanan eta epealdiko autolikidaziora arte itxaron konpentsazioaren edo itzulketaren bidez berreskuratzeko. Auzitegi Gorenaren aburuz, bereizkeria da zerga soilik foru ogasunetan ordaintzen dituzten zergadunentzat, sistema berritik baztertuta gelditzen baitira. Aitor Orenak sakonago aztertu ditu epaiak dakartzan argudioak, aipaturiko Forum Fiscal aldizkariaren zenbaki bereko “Bereizkeria inportazioaren gaineko BEZan” artikuluan.

Joan Jurisprudentziara

Joan Doktrina Zientifikora