Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure buletinera

Gaurkotasuna

EKARPENEN 22-26 LEGEA ONARTU DA: PEDRO ASPIAZUK, EKONOMIA ETA OGASUNEKO SAILBURUAK, ESAN DUENAREN ARABERA "EUSKADIKO OGASUN-BIZKARREZURRA, ESTATUTUAREN, LHLREN ETA EKONOMI ITUNAREN OINORDEKO ZUZENA DA"
Tuesday, 15 de March de 2022

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek aurreakordioa lortu zuten 2021eko uztailaren 9an, 2022-2026 aldian Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundiek egin beharreko ekarpenak zehazteko eta baliabideak banatzeko metodologia berritzeko. Horren nahitaezko izapidetzea egiteko uztailaren 15ean ezohiko Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua deitu zen. Bidezko lege-proiektua, Eusko Jaurlaritzak onartua, Eusko Legebiltzarrari bidali zitzaion onar zezan, eta urriaren 7ko 4/2021 Legea bihurtu zen, baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erki­degoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoa.

Erakundeen 2022ko ekitaldirako aurrekontuak lege berrian onartutako metodologia aplikatuz egin dira. Metodologia berri honek egungo metodologia indarrean egon den bitartean erakundeek eskatu dituzten aldarrikapenak jasotzen ditu eta, batez ere, balioa ematen dio Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legetik (ETEL) ondorioztatzen diren aginduak txertatzeari, bereziki  udal-finantzaketari eskainitako kapitulu batekin.

Hauek dira gako nagusiak:

  • Koefiziente bertikala:

Koefiziente bertikala % 70,04tik % 70,81era igo da, batez ere Eusko Jaurlaritzak azken urteetan bere gain hartu dituen transferentzia berriak integratu direlako. Koefiziente horrek erakunde-mailen eskumen-banaketari erantzuten dio eta, gainera, Gizarte Zerbitzuen Funtsari dagokion zenbatekoa banaketa bertikalaren ereduan txertatzen dela islatzen du. Funts hori 35M/€-ra arte zabaltzen da, egungo 20 M/€-tik abiatuta.

  • Koefiziente horizontalak:

Ekarpen-koefiziente horizontalak kalkulatzeko metodologiari bere horretan eutsi zaio.

  • Doikuntzarako Funts Orokorra:

Foru-aldundi bakoitzaren diru-bilketaren pisu erlatiboa koefiziente horizontalaren % 99ra iristen dela bermatzeko helburuari eusten zaio. Doikuntzarako Funts Orokorraren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45eraino igotzen da, indarrean dagoen Ekarpenen Legeak finkatutako % 1aren aldean. Doikuntzarako Funts Orokorraren gehieneko zenbatekoa handitzeak lurralde historikoentzako bermeak handitzen ditu.

  • Toki-erakundeek zerga itunduetan duten partaidetzaren gutxieneko ehunekoa:

Toki-erakundeek zerga itunduetan duten partaidetzaren gutxieneko ehunekoa % 39,23koa izango da. Horrela, hiru lurralde historikoetako toki-erakundeek zerga itunduetan duten partaidetza-ehunekoa 2/2007 Legean indarrean dagoena baino handiagoa izango da.