Nobedadeen berri izateko,
Gaurkotasuna
Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeak, 2017ko maiatzaren 12ko eta ekainaren 21eko Ebazpenetan, Auzitegi Gorenak 2016ko abenduaren 13ko eta 2017ko urtarrilaren 31ko Epaietan Foru Komunitatearen Ogasunaren eta Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziaren artean planteatu ziren bi auziei lotuta eman zuen doktrina onartu du; doktrina horretan ondasunen emate moduan kalifikatu zuen hirugarrenen instalazioetan enpresa baten eta bere bezeroen artean egiten zen erregaiaren hornikuntzaren operatiboa, bezero horiek ordainketa enpresa horrek jaulkitako eta hirugarren horrek onetsita dagoen txartel bat erabiliz egiten dutenean, hain zuzen ere ZAEAren iritziz finantza izaerako zerbitzuen prestazioa zena. Beste alde batetik, Arbitraje Batzordeak, ekainaren 21eko Ebazpenean, arrazoia ematen dio Arabako Foru Ogasunari ZAEAk planteatutako auzian, kasu honetan aldez aurretik lurralde erkidean eta foru lurraldean kokatuta dauden saltzailearen beraren instalazioen artean lekualdaketa eginda ondasunen emateei aplikatzeko konexio-guneari dagokionez.
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak joan den uztailaren 19an egin zuen batzarrean, azken urteotako testu kontzertaturik adierazgarriena aldaraztea erabaki zuen. Akordio hori dela bide, zenbait kolaborazio abiarazi dira, akordio horren edukia aztertze aldera. Horietako batzuk ‘Forum Fiscal’ aldizkariaren 235. zenbakian jasotzen dira.
Horrela, Javier Armentia Basterrak, “Comentario a las modificaciones introducidas en el Concierto Económico por el acuerdo de la Comisión Mixta de 19 de julio de 2017” izeneko artikuluan, zehatz-mehatz eta modu eskematikoan deskribatzen ditu Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren uztailaren 189ko batzarrean testu kontzertatua aldarazte aldera hizpatu ziren akordioak.
Aldizkariaren ohiko kolaboratzailea den Iñaki Alonso Arcek, “Regularización de operaciones entre contribuyentes forales y de territorio común en la modificación del Concierto Económico de 2017: luces y sombras” izeneko artikuluan, akordioan garrantzizkoentzat jotzen dituen alderdiak jorratzen ditu, eta zehazki, aldi berean administrazio batekin baino gehiagorekin jarduten duten zergadunen egoera bereziki lantzen duten alderdiak.
Ekonomia Itunaren aldarazpena aprobetxatuz, ‘Forum Fiscal’ aldizkariak atal berria zabaldu du du 236. zenbakitik aurrera. Atal berri horretan, Javier Armentia Basterrak, “Todo sobre el Concierto Económico” izenburua duen artikulu mardul samarrean, argi eta erraz azaltzen digu xedapen horren edukia, Euskadin bizi diren hiritar guztien ongizatearen alorrean berebizikoa denaren edukia alegia. Horrela, ondoko alderdi hauek guztiak jorratzen dira: xedapenaren izaera eta ezaugarriak, hark legegintzaren arloan Lurralde Historikoen zergak aplikatzeari dagokionez dituen ahalbideak, kudeaketarako arauak eta prozedura, zerga-egoitza, informazioa emateko betebeharrak, Kupoaren zehaztapena eta, besteak beste, Ekonomia Itunean bertan aurreikusirik dauden organoak, hots, Batzorde Mistoa, Koordinaziorako eta Arau-Ebaluaziorako Batzordea eta Arbitraje Batzordea.
‘Forum Fiscal’ aldizkariaren azken zenbakietan, Ekonomia Itunaren edukiarekin zerikusia duten zerga arloko zenbait aspektu jorratzen dituzten artikulu batzuk jasotzen dira.
Horrela, 233. zenbakian, Idoia Zapirain Torrecillak, “Competencia para la exacción del IVA en el caso de operaciones de emisión de tarjetas de pago de combustible” izeneko artikuluan zehatz-mehatz komentatu eta aztertu du Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordearen maiatzaren 12ko 7/2017 Ebazpena. Ondokoa da Ebazpen horren gai nagusia: gasolina-zerbitzuguneetan erregaia eta gasolina eroste aldera zergadunek, nagusiki errepideko profesionalek, merkataritzako txartel elektronikoez bitartez burutu beharreko eragiketei dagozkien transakzioen lokalizazioa ezartzea.
Francisco Martín Sesmak, beste alde batetik, “El establecimiento permanente como criterio de localización territorial y punto de conexión en el IVA” izeneko artikuluaren bidez, xeheka aztertzen du Establezimendu Iraunkorrak, lokalizaziorako irizpide gisa eta BEZari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunean eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusirik dauden konexio-guneei doakienez izan dezakeen funtzionaltasuna.
Gemma Martínez Bárbarak, ‘Zergak’ aldizkariaren 53. zenbakian, hau da, azken zenbakian (“Roadmap to BEPS y los sistemas tributarios de los Territorios Históricos del País Vasco“) eta ‘Forum Fiscal’ aldizkariaren 234. zenbakian (“Los nuevos acuerdos internacionales en materia de Patent Box y los regímenes fiscales de los Territorios Históricos del País Vasco“) sakonki jorratzen du Zerga arloko Eginera Kaltegarriei buruzko ELGEren Foroaren inguruan hartu diren erabakiek Sozietateen gaineko Zergaren foru arautegian eta Europar Batasunaren Jokabide Kodean izan dezaketen eragina, BEPS (“Base Erosion and Profit Shifting”) eginerak mugatu beharrari dagokionez; bigarren artikuluan, zehazki, jabetza industrial edo intelektualaren (patent-box) eskubideen merkaturatzearen edo ustiatzearen ondoriozko diru-sarrerak jasotzen dituzten enpresei zerga arloan aintzatesten zaizkien pizgarriak antolatze aldera foru arautegia egokitu beharraz jarduten du.
Azkenik, Enrique José Rodríguez Cativielak, Madrilgo Notarioen Elkargoaren Aldizkariaren 73. zenbakian, Ekonomia Itunaren araubideaz eta eredu hori Espainiako estatuan eta, bereziki, Kataluniako Autonomia Erkidegoan (“El Concierto Económico del siglo XXI: nuevo cupo y ¿extensión a Cataluña?“) orokor bilakatzeari dagozkion aukerez duen ikuspegia azaltzen du.
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren 19an ospatuta, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioan; bertan, berretsi egin dira 2017-2021 Kupoko Bost Urteko Legea eta Kontzertu Ekonomikoaren Legea. Sinadura horrek finantza-egonkortasuna dakarkio Euskadiri, 2021era arte, eta maiatzean hasi zen prozesua ixten du, eta, horrela, 2007tik Kupoaren inguruan dauden desadostasunak arautu eta likidatzen ditu. Sinatu den aktak 11 akordio ditu.
Auzitegi Gorenak, joan den maiatzaren 30eko autoaren bitartez, Auzitegi Gorenari epaitu aurreko arazoa planteatzea erabaki du, Auzitegi horren Lege Organikoaren Bosgarren Xedapen Gehigarrian xedaturik dagoenaren itzalpean. Xedapen hori 1/2010 Lege Organikoaren bidez sartu zen, eta Foru Arauen “blindaje” legez ezagutzen da.
Auzitegi Gorena konstituzio-kontrakotasun arazoa planteatzera daraman arrazoia ondoko hau da: Bizkaiko ZAFAOren 102. artikuluaren 1. idatz-zatiaren azken paragrafoan xedaturik dagoenaren baliozkotasunaz planteatzen den zalantza, sei hilabeteko iraungitasun-epetik salbuetsi egiten baitira aitorpen edo autolikidazio bidez hasten diren prozedurak. Horrek zaurtu egin dezake Ekonomia Itunaren 3. artikuluaren a) letran jasotzen den harmonizazio-araua, zeinek, zerga arloko arautegiari dagokionez, Zerga arloko Lege Orokorraren terminologiari eta kontzeptuei egokitzeko galdegiten baitie Lurralde Historikoei.
Kasu honi doakionez, zerga arloko administrazioak, autolikidazio bidez hasitako prozeduraren esparruan, agindeia egin zion zergadunari eta likidazioari ekin zion sei hilabete igaro ostean; horren ondorioz, datuen egiaztapenaren prozedurarako ZALOn ezarririk dagoen iraungitasun-epea aplikatuz gero, zerga-zorra zehazteko administrazio-ahalaren egikaritzaren preskripzioa gertatuko zen, eta gauzatutako likidazioaren deuseztasuna eragingo zuen horrek.
Auzialdiko Auzitegiak, berriz, 2015eko irailaren 23an eman zuen epaian, ez zuen ezelako legezkontrakotasunik ikusi ZAFAOn biltzen diren prozeduren araupeketan, eta berretsi egin zuen, funtsean, zerga arloko administrazioaren jokabidea.
Konstituzio Auzitegiak hartzen duen erabakia aukera ezin hobea izango da, betiere Ekonomia Itunaren indarreko idazketarekin bat etorriz, Lurralde Historikoen arau-ahalmena ukitzen duten mugak zehazteari eta arlo horretan Estatuaren arautegitik aldentzeko ahalbideei buruzko zalantzak argitzeko.