Nobedadeen berri izateko,
Gaurkotasuna

Datorren martxoaren 28an, «X. Ituna Jardunaldia – Kupoa aztergai: bere negoziatzaile eta protagonisten argitan (1841-2022 )» ospatuko da, Itunak eta Ad Concordiamek antolatuta. Ekitaldia goizeko 8: 30etan izango da, Bilboko Bizkaia Aretoko (UPV/EHU) Baroja Aretoan, kupoak sorreratik gaur egun arte izan duen bilakaera aztertu eta hausnartzeko, eta arreta berezia eskainiko zaio 1981etik aurrera indarrean zegoen kupo-sistemari.
Ikuspegi historikoaz gain, jardunaldiak protagonista nabarmenak izango ditu administrazio zentralaren eta euskal administrazioen arteko negoziazioetan; izan ere, 1981az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu gabeko kargak finantzatzeko egin beharreko ekarpenaren metodologia zehaztu dute.
Bertaratzeko izen-ematea librea izango da eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.
Izena ematea Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Zentroaren webgunean

Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailarekin batera, Ituna I. saria deitu dute Ekonomia Itunaren eta foru-ogasunen arloko gaiekin edozein ikuspegitatik (fiskalitatea, historia, soziologia, zuzenbidea, ekonomia, eta abar) zerikusia duten eta 2021ean defendatu diren master-amaierako lanik (MAL) eta gradu-amaierako lanik (GRAL) onenak saritzeko.
Lanak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez aurkeztu ahal izango dira sarira, eta, gutxienez ere, 8 puntuko kalifikazioa izan beharko dute.
Saritutako lanak Ekonomia Ituna sustatzeko eta hedatzeko Ad Concordiam elkarteko «Ikerketa Bilduma»n argitaratu ahal izango dira.

Zerga Aholkularitzako Unibertsitate Masterrak Ekonomi Itunari buruzko Deustuko I. Jardunaldiak antolatu ditu datorren martxoaren 3rako eta Bizkaiko Foru Aldundiko Aholkularitza eta Zerga Politikako zuzendariordea den Gemma Martínez Barbarak parte hartuko du bertan hizlari nagusi legez, “Ekonomi Itunaren erronkak fiskalitate globalaren aroan” izenburuko hitzaldiarekin.
Ondoren, “Ekonomia Itunaren iragana, oraina eta etorkizuna” gaiari buruzko mahaingurua egingo da.

Pedro Azpiazuk, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, bilera izan zuen Parisen joan den urtarrilaren 28an Pascal Saint Amas-ekin, ELGAko Nazioarteko Fiskalitateko zuzendariarekin. Bilera horretan sailburuak Ekonomia Itunak nazioarteko fiskalitatearen esparruan duen zeregina defendatu du, eta baita euskal erakundeek BEPS proiektuan onartutako neurrien inplementazioan duten inplikazioa ere.
Horrekin batera, Azpiazuk –Ogasuneko sailburuordea den Itziar Agirrerekin batera– Ekonomia Itunaren bidez araututako euskal zerga-sistemaren ezaugarri bereziak aurkeztu ditu eta, bide batez, euskal erakundeek gure zerga-araubideari zuzenean eragiten dioten gai fiskalak eztabaidatzen diren nazioarteko foroetan parte hartzeari buruz Estatuari behin eta berriz egin dion erreklamazioa helarazi du.
Informazio gehiago

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna aldatzen duen otsailaren 8ko 1/2022 Legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da, otsailaren 9an.
Aldaketak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2021eko uztailaren 29an egindako bileran hartutako erabakiak jasotzen ditu. Bertan, finantza-transakzioen eta zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga berriak ituntzea onartu zen, bai eta BEZaren leihatila bakarreko araubide berriak ere.
Lege-proiektua Senatuan onartu zen otsailaren 2ko bilkuran, 253 senatariren aldeko botoekin, emandako 261 botoetatik (5 kontra eta 3 abstentzio). Egun batzuk lehenago, abenduan, Kongresuan onartua izan zen, aldeko 280 botorekin, kontrako 57 botorekin eta 4 abstentziorekin.
Itundutako testuaren aldaketa indarrean jartzean, foru-ogasunak zerga berriak kudeatzen hasiko dira. Zerga berriak indarrean jarri zirenetik ZAEAk bildutako diru-sarrerak, itundutako lotura-puntuen arabera lurralde historikoei dagozkienak, foru-ogasunen esku jarri beharko dira.