Nobedadeen berri izateko,
Gaurkotasuna
Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas-ek argitaratzen duen Working-Papers-en EC serieko 2-2014 zenbakiak Antoni Zabalzak eta Julio López Labordak sinatzen duten lan bat kaleratu du. Lanak “The Uneasy Coexistence of the Spanish Foral and Common Regional Finance Systems” titulua du eta bertan ondorio moduan adierazten dute Kupoa gobernu zentralaren eta kasuan kasuko erregioaren arteko nibelazio-transferentzia kalkulatzeko zeharkako era bat baino ez dela; horrela, gastu-beharrizanak era sendoan neurtzen badira sistema osorako kupoa kalkulatzeko forma erabat da neutrala. Autoreen iritziz kupoa kalkulatzeko burutzen den inputazio-prozeduraren emaitzako abantaila ekonomikoa gertatzen da eta uste dute hori bidezkotuta dagoela kasuen %60tik gorakoan araubide komuneko erkidegoekiko eskumenen diferentziengatik.
Zergen arloko foru arauen “blindajea” deritzonaren konstituzionaltasuna baieztatuz Errioxa eta Gaztela-Leon autonomia erkidegoek planteatu zituzten errekurtsoak ezesten dituen Konstituzio Auzitegiaren joan den ekainaren 23ko epaiaren analisia hasten da. Iñaki Alonso Arcek, joan den uztaileko Forum Fiscal-eko 222. zenbakian epaiaren edukiaren balorazio positiboa egiten du “El Concierto Económico y la Constitución” izenburua duen bere artikuluan, nahiz eta, berak esaten duen bezala “egia da, bai, eragozpen batzuk plantea ditzakegula bere oinarri juridikoaren atal bati dagokionez…“.
Carta Tributaria-ko Kontseilu Aholkulariak gai horri buruzko editorial bat egiten du abuztuko bere zenbakian, kasu honetan “La competencia del Tribunal Constitucional sobre las normas forales fiscales de los territorios históricos vascos” tituluarekin. Editorial horren barruan adierazten du Auzitegiarentzat “ez zela erraza izango gaur ezagutu dugun epaia idaztera iristea. Eta ez zitzaion erraza egingo idatzi duen moduan idaztea: aho batez. Arrazoia argia da: ez gaude hertsiki juridikoa den arazo baten aurrean. Foru arautegian sartzen garen kasu guztietan gertatzen den bezala atzealde politiko konstituzionalak lehen mailako garrantzia hartzen du eta, ondorioz, erabat baldintzatzen du eztabaida juridikoa. Gure Auzitegiak eman duen irtenbidea foruen defentsa da marko hertsiki konstituzionalean“.
Zergei buruzko foru arauen berrikuspena Auzitegi Gorenaren jurisdikzioari gordetzen dion otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoaren baliotasun konstituzionala dela bide, Konstituzio Auzitegiak, ekainaren 23ko epaian, erabaki du oso-osorik ezestea Konstituzioko hainbat artikuluren ustezko arau-hausteak, errekurtsogile diren Errioxa eta Gaztela eta Leon autonomia erkidegoek alegatutakoak.
Auzitegi Gorenak, otsailean, zenbait ondasun-emateren kokalekuaren gaineko bi epai eman ditu. Aipaturiko epai horietan, Rover auziaren ebazpenean izandako irizpideak berrikusi egiten dira nolabait. 2016ko otsailaren 3an emandako lehenbiziko epaian, Nafarroako Hitzarmenaren Arbitraje Batzak aldez aurretik emandako argudioei jarraituz, hauxe zioen Auzitegi Gorenak: gasa eroslearen instalazioetan sartzen den unean gertatzen dela gasaren jabetzaren eskualdaketa. Horregatik, komertzializazioaren jardueran, kontagailua dagoen tokian ulertu behar da jarri dela gasa bezeroaren esku. Bigarren epaian ere, otsailaren 9koan, Ekonomi Itunaren Arbitraje Batzaren irizpidea berresten du Auzitegi Gorenak. Horren arabera, merkaturaturiko erregaia ematen den tokia da gordailu fiskala, hain zuzen erregaia eskuratzaileen eskura jarri den tokia eta, beraz, horixe izango da eragiketaren kokalekua BEZaren ondorioetarako.
Bi epaioi dagokienez, Gorka Garitaonandiaren lan bat dakar Forum Fiscal aldizkariaren 216. zk.ak (“Jurisprudentzia aldaketa Auzitegi Gorenaren doktrinan “Rover” epaia dela eta. Aduanakoa ez bestelako gordailuaren araubidea 2016an“). Lan horretan, Auzitegi Gorenak aipaturiko ROVER epaia eman zenetik zergaren kokalekua ezartzeari buruzko irizpideetan izandako bilakaera aztertzen du. Bestalde, Iñaki Alonso Arcek, aldizkari berean, otsailaren 9ko epaiaren analisia hartzen du ardaztzat, bere artikuluan: “Merkaturatzaileek energi produktuak ematea eta Rover epaia: ikuspegi berria Disa epaiaren ondotik“.
Azkenik, Auzitegi Gorenak, otsailaren 9ko epaian, zuzenbidearen kontrakotzat jo du abenduaren 19ko 1073/2014 Errege Dekretuak dakarren araudia. Hori dela bide, honako aukera hau ezarri da: inportazioaren gaineko BEZaren kuotak sar daitezkeela autolikidazioa egitean, aurreko sisteman ez bezala. Izan ere, sistema horretan inportazioaren gaineko BEZa AEATen ordaindu behar zen aduanan eta epealdiko autolikidaziora arte itxaron konpentsazioaren edo itzulketaren bidez berreskuratzeko. Auzitegi Gorenaren aburuz, bereizkeria da zerga soilik foru ogasunetan ordaintzen dituzten zergadunentzat, sistema berritik baztertuta gelditzen baitira. Aitor Orenak sakonago aztertu ditu epaiak dakartzan argudioak, aipaturiko Forum Fiscal aldizkariaren zenbaki bereko “Bereizkeria inportazioaren gaineko BEZan” artikuluan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2008ko Ondarearen gaineko Zerga mantentzeko hartu zuen erabakiak, horrela Lurralde Historiko hori bakarra zen estatuan zerga-figura hori mantentzen, hainbeste errekurtso eragin zituen. Errekurtso horietan erabaki hori konstituzio-kontrakoa zela argudiatzen zen berdintasunaren oinarria hausten zuelako eta, halaber, baita Ituneko zergen arloko egitura orokorra eta harmonizazio eta koordinazio arauak mantentzeari buruzko 3. artikuluan ematen diren oinarriak ere.
Behinola Euskal Autonomia Erkidegoko JANko Administrazioarekiko Auzien Salak osorik ezetsi zituen errekurtso horiek. Hori gorabehera Konstituzio Auzitegiak bere ebazpenak deuseztatu zituen horien aurka formulatu ziren babes-errekurtsoak onetsiz, bere iritziz demandatzaileen benetako babes judizialaren eskubidea hausten zelako, legezko testu gorenaren 24. artikuluan ematen den konstituzio-oinarria, ez zuelako motibazio nahikorik aurkitu auzialdiko Auzitegiak konstituzio-kontrako arazoa ezesterakoan.
Prozedurak berriz itzuli zitzaizkion Justizia Auzitegi Nagusiari eta Auzien Salak berriz ere hasieran ebatzi zuenaren ildotik ebatzi du; dena dela, bere argudioak eman behar izan ditu Ituneko 3. artikuluan ematen diren berdintasunaren oinarria eta oinarri orokorrak hausten direla ezeztatzerakoan.
Guztiak ordezkatuz, Ikusi Konstituzio Auzitegiaren 239/2015 zenbakikoa, azaroaren 30ekoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2012ko uztailaren 16koa eta 2016ko otsailaren 24koa.