Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure boletinera

Gaurkotasuna

Lotura puntua Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan (2)
Monday, 6 de July de 2015

Arbitraje Batzordeak maiatzaren 4ko 6/2015 Ebazpenean adierazi duenez, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga ordaintzeko betebehar erreala dagoenean, foru araudia aplikatzeko eskakizuna, hots, ondasun edo eskubide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharra edo bertan erabili beharra, ulertu behar da kausatzailearen oinordekoari dagokiola (mortis causa eskuraketetan) edo dohaintza-hartzaileari (inter vivos eskuraketetan).

Gai hori ez Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordean eztabaidatu zen, eta goian aipatutako ebazpena batzorde horrek igorritako 14ei buruz Arbitraje Batzordeak emandako lehenengoetarikoa da, 2014ko urtarrilaren 16ko bileraren ostean.

Joan Administrazio Doktrinara

Elektrizitatea banatzeko jarduera garraioaren arloko zerbitzua da Ekonomi Itunaren eta Hitzarmenaren ondoreetarako
Tuesday, 30 de June de 2015

Auzitegi Gorenak, joan den maiatzaren 26an eman duen Epaian, berretsi egin du Ekonomi Itunaren Arbitraje Batzordeak 2014ko uztailaren 2an eman zuen Ebazpenean mantendu zuen irizpidea, hau da, sektore elektrikoko banatzaileen jardueraren helbururik behinena, edukia ematen diona eta besteetatik bereizten duena, energia elektrikoa garraio saretik kontsumitzen den tokietaraino transmititzea dela, hots, energia elektrikoa lekualdatzen duela leku batetik bestera kalitatezko hornikuntza bideratuz, eta horrela berariaz garraio jarduera eratzen duela. Berehalako eragina da aplikagarria den konexio puntua erakunde banatzailearen zerga egoitza dela.
Beste alde batetik jarraitu egiten dute inbertsio handietarako zerga opor eta zerga kreditu moduan eman ziren estatuaren laguntzak berreskuratzeari buruzko epaiek; epai horietan baieztatu egiten da emandako betearazpen-ekintzak deuseztatu egiten direla eta prozeduretan atzera egiten dela interesdunei manuzkoa den entzunaldiaren tramitea emateko.

Jurisprudentziara joan

Ekonomi Ituna eta krisia
Monday, 15 de June de 2015

Fundación de las Cajas de Ahorro-k (FUNCAS) editatzen duen Papeles de Economía Española argitalpenaren azken zenbakia finantzazio autonomikoaren erreformari buruzkoa da (analisia eta proposamenak). Bere barruan EHU/UPVko katedraduna den Ignacio Zubiri Oria jaunaren artikulua dago; artikulu horretan Ekonomi Itunaren araubideak krisi ekonomikoan zehar ekarri dituen abantailak garatzen ditu.
Maiatzeko Forum Fiscal-ean Iñaki Alonso Arcek Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren doktrinaren eboluzioa komentatzen du, hau da, foru arauen “blindajeari” buruzko 1/2010 Lege Organikoaren aplikazioaren esparruaren interpretazioari eta foru ogasunek zergei buruzko Lege Orokorrean ezarri den zergei buruzko arautegi orokorretik bereizteko duten eskumenari eta Lege Orokor horren oinarrizko izaerari dagokienez. José Luis Etxeberria Monasteriok Jose Luis Bilbao Eguren jaunaren, Ahaldun Nagusiaren, figura azaltzen du eta Ekonomi Itunaren oraintsuko historiako gakoak izan diren uneetan izan duen parte hartzea deskribatzen du, adibidez Foru Arauen lurralde selektibitateari buruzko epaiketa aurreko arazoa eta blindajeari zuzendutako ekimenak. Azkenik, aldizkariak elkarrizketa egiten dio oraintsu Ekonomi Itunaren Arbitraje-Batzordeko buru izendatua izan den Gabriel Casado Ollero jaunari.

Joan Zientzia Doktrinara

Nationalism and Ethnic Politics aldizkariaren azken alean Ekonomi Itunari eta nazionalismoari buruzko artikulu bat argitaratu da
Sunday, 17 de May de 2015

Nationalism and Ethnic Politics aldizkariaren 21. zenbakian, 2015. urtearen lehen hiruhilekoan, Catalunya eta Euskadiko mugimendu nazionalisten dinamikak sakontzen dira. Beste artikulu batzuen artean Liverpool-eko Unibertsitateko Caroline Gray-rena dago, “A Fiscal Path to Sovereignty? The Basque Economic Agreement and Nationalist Politics”. Artikulu horretan Euskal Autonomia Erkidegoak eta Estatuko gainerako gobernuek Ekonomi Itunaren ulermenari dagokionez dituzten ikuspegi desberdinak aztertzen ditu.

Esteka artikulura

Ekonomi Itunaren Arbitraje-Batzordearen doktrina
Thursday, 14 de May de 2015

Carlos Palau Taboada jauna jubilatu eta lehendakari berria, Gabriel Casado Ollero jauna, izendatu ondoren, Ekonomi Itunaren Arbitraje-Batzordeak berriz ekin dio bere jarduerari gai batzuei buruzko doktrina jaulkiz. Horien artean pertsona fisikoen egoitza zehazteko hurrenez hurren ezarri diren arauen aplikazioa (2015/02 ebazpena) eta pertsona juridikoei lotuta dauden aurretiazko irizpideen baieztapena (2014/04 zenbakiko ebazpena eta 2014/05 zenbakiko ebazpena) azpimarratu behar dira.
Beste alde batetik adierazi du ezin direla bi gai onartu, alde batetik planteatu zen unean epaitegian liskarrean zegoen gai bati buruzko gatazka (2014/12 zenbakiko ebazpena) eta, bestetik, erakunde baten eragiketen bolumena egiaztatzeko eskumendun administrazioa behartzeko helburuarekin planteatu zena baina ondorio paradoxikoa izan zuena, planteamenduak berak ekidin egin duelako egiaztapen hori arbitraje-prozedurak berak eragiten dituen eteteko ondorioengatik (2014/05 zenbakiko ebazpena). Azkenik, Arbitraje-Batzordeak ukatu egin du enpresa baten administrazio konkurtsalaren legitimazioa prozeduran parte izateko, alderdi interesdun bakarrak gatazkan dauden administrazioak baino ezin direlako izan, beti ere interes legitimoa benetakotzen duten guztiek interesdun huts moduan aurkezteko duten aukera gorabehera (2014/01 zenbakiko ebazpena).

Joan Doktrina Administratibora