Nobedadeen berri izateko,
harpidetu gure boletinera

Gaurkotasuna

Ekonomia Itunari eta toki erakundeei buruzko mintegia
Monday, 4 de April de 2016

Urtero bezala, Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Agiritegiak —EHUko Historia Garaikidea Sailaren menpeko zentroa bera—, Zuzenbide Publikoa Saileko Finantza eta Zerga Zuzenbideko Arloarekin elkarlanean, jardunaldia antolatu du apirilaren 12rako: “Ekonomia Ituna eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalak”. Pil-pilean dagoen gaia da, orain dela gutxi iragarri den itun politiko baten bitartez Eusko Legebiltzarrak, Estatutua onartu zenetik ia 36 urte igarotakoan, EAEko erakunde-sarearen arauketa burutzeko falta den arau bakarra onartuko baitu.

Egitaraua

 

Arbitraje Batzordearen erabaki berriak
Friday, 5 de February de 2016

Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeak, joan den abenduaren 1eko ebazpenen bidez, ondoko erabakia hartu zuen: ez-egoiliar batek jasotako erretiro-prestazioak Euskal Herrian eskuratutakotzat hartzea, baldin eta prestazio horiek nagusiki lurralde horretan egindako lan baten ondorioz jasotzen badira; honakoa da erabaki horren ondorea: Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren arloan Europar Batasuneko estatu kideetako batean bizi diren zergadunentzat aurreikusirik dagoen PFEZren araberako hautazko zergapetze-araubidea aplikatzeko eskumena administrazio bati edo besteari eratxikitzea. Horrela, Batzorde horren aburuz, apirilaren 21eko 7/2014 Legean egindako aldarazpenaren ostean Ekonomia Itunaren 22. artikuluan ondorik jaso zen irizpide berbera aplikatu behar da.

Beste alde batetik, abenduaren 2ko ebazpenaren bidez, arbitraje organoak zehatz-mehatz mugatu du administrazio bakoitzak zerga arloa kudeatzeko egikaritu behar dituen ahalmenak aplikatzeko eremua; izan ere, alor horretako eskumenak egikaritzea oinarri hartuz, ukatu egiten dio Estatuaren administrazioari gatazkako beste administrazioaren (kasu honetan, Gipuzkoako administrazioaren) menpeko erakunde baten eragiketa-bolumena ezartzeko eskumena, halako moldez non aurreko beste ebazpen batzuetan aplikatutako bi oinarrizko abiaburu berretsi baititu: alde batetik, ikuskapenak egiteko arloan eskumena duen administrazio bakarra dagoela, eta bestetik, administrazio bakoitzari ordaindu beharreko zergen proportzioa eskumen hori eratxikirik duen administrazioak soil-soilik ezar dezakeela.

Azkenik, Auzitegi Gorenak, abenduaren 7eko epaiaren bidez, Arbitraje Batzordearen apirilaren 13ko 4/2014 ebazpena berretsi du; ebazpen horretan, Ekonomia Itunaren 27.1. artikuluaren hirugarren erregela aplika daitekeela adierazi zen, zeren artikulu horretan zerga-egoitzako administrazioari eratxiki baitzaio eskumen esklusiboa, baldin eta erakundearen eragiketa-bolumenak zazpi milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez badu (sei milioi euro, kasu honetan aplika daitekeen egunean indarrean dagoen idazketaren arabera); horrela, ukatu egin du Estatuaren administrazioak alegatu duen ustezko aberaste bidegaberik gertatu denik, eta ondokoa adierazi du bere bigarren Funts Juridikoan: “Estatuaren eta Lurralde Historikoen arteko zerga-boterea banatzeari dagokionez, ez da epaibide egokia eragiketa zehatz batean gertatzen den banaketa horren kariz zein administraziok hartzen duen onura eta zein administraziok jasotzen duen kaltea aztertzea. Ekonomia Ituna, itun oro bezala, akordio bat da, lagapenak eta kontraprestazioak dituena; horren guztiaren xedea oreka globala erdiestea da, egoera zehatzen batean halakorik lortu ez arren“.

Joan Administrazio-Doktrinara

Konstituzio Auzitegiak urratutzat jo du babes judizial eragingarria jasotzeko eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten eraginez.
Saturday, 9 de January de 2016

Konstituzio Auzitegiak, 2015eko azaroaren 2an eman duen epaiaren bidez, urratutzat jo du babes judizial eragingarria jasotzeko funtsezko eskubidea, Konstituzioaren 24. artikuluan aintzatesten dena; eskubide hori Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2012ko ekainaren 19ko epai baten eraginez urratu da, zeren eta epai-organo horrek ezetsi egin baitzuen Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 14/1991 Foru Arauari buruzko konstituzio-kontrakotasuneko gaia planteatzea. Lurralde horretan Ondarearen
gaineko Zerga ordaindu behar dela ezarririk dago Foru Arau horretan, eta zerga hori, berriz, kenduta dago Estatuaren gainerako lurraldeetan. Goi Auzitegi horrek argudiatu duenez, auzialdia zegokion auzitegiak motibazio-akatsa egin zuen, eta arestion aipatu den funtsezko eskubidea urratu, ukatu egin baitzuen konstituzio-kontrakotasuneko gaia 2/1979 Lege Organikoaren 5. Xedapen Gehigarrian (1/2010 Lege Organikoan onetsi den idazketaren arabera) jaso diren xedapenak aplikatuz planteatzea. Jakina denez, foru arauen “blindajea” gotortu zuen lege organikoaren manuen konstituzionaltasunaren analisia egiteke dago, zenbait autonomia erkidegok errekurtsoa formulatu ondoren.

Konstituzio Auzitegiaren epaia

Lurralde Historikoen zerga-autonomiari buruzko doktrina judiziala: itxaropenerako arrazoiak
Saturday, 9 de January de 2016

Forum Fiscal-en 212. zenbakian, En portada atalean eta hileko gai moduan, Iñaki Alonso Arceren analisia egiten da; testu horretan autoreak zerga-autonomia foralaren baieztapenerako argudioak bilatzen ditu. Argudio horiek bi ardatzetan oinarritzen ditu, alde batetik foru-babesaren klausula klasikoaren interpretazioari eta foru arauen blindajearen aplikazioaren esparruari buruzko iritzietan eta, bestetik, Estatuaren Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Kooperazioaren Aldebiko Batzordearen erabakian, hain zuzen ere Foru Ogasunek eta Lurralde Historikoetako toki izakiek egingo dituzten zergen arloko edukien ekintzetan agertzeagatiko jakinarazpenetarako EAO erabiltzeko obligazioa zabaltzearen aurkakoa denean.

Beste alde batetik, Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Publikoko katedraduna den Julio López Labordak, Mediterráneo Económico aldizkariaren 25. zenbakian, finantzaketa autonomikoaren sistema berriaren negoziazioan erregio-nibelazioaren graduari buruzko eztabaidak izan behar duen zereginean sakontzen du “El futuro de la financiación autonómica. La Reforma de la nivelación” izenburua duen bere artikuluan.

Doktrina Zientifikora joan

Ekonomia Itunari buruzko III. Mintegia
Saturday, 9 de January de 2016

Urtarrilaren 21ean eta 22an Ekonomia Itunari buruzko III. Mintegia egingo da Eusko Legebiltzarraren egoitzan (Gasteiz), Tomas Moro aretoan.

Aurrekoetan bezala, oraingoan ere Eusko Legebiltzarrak Ad Concordiam-Ekonomia Ituna Sustatu eta Hedatzeko Elkartearen laguntza izan du jardunaldiak antolatzeko. Ekonomia Ituna federalismo fiskalaren eredu gisa hartuko da aurten. Nazioarteko beste eredu batzuk eta horien ezaugarriak aztertuko dira, Ekonomia Itunaren sistemaren ikuspegitik.

Lehenengo egunean, Roberto Bernales Soriano jaunak, Deustuko Unibertsitateko Zerga Zuzenbideko irakasleak, hitz egingo du; XXI. mendeko federalismo fiskalaren ikuspegi orokorra emango du. Ondoren, Julio López Laborda Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia Publikoko katedradunak hitz egingo du; gaur egungo finantzaketa eredua eta foru eredua erkatuko ditu. Amaitzeko, Mikel Erkoreka González Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Departamentuko ikertzaileak, Suitzako federalismo fiskala aztertuko du Euskadiren ikuspegitik.

Bigarren egunean, Gemma Martínez Bárbara andreak, Bizkaiko Foru Aldundiko Zerga Politikako zerbitzuburuak eta Ad Concordiam-eko kideak, hitz egingo du lehenbizi; Ameriketako Estatu Batuetako eta Euskadiko federalismo fiskalen ereduen arteko loturez hitz egingo du. Ondoren, James Johnston Eskoziako Parlamentuko clerckak hitz egingo du Eskoziako zerga itzulketei buruz, EAEko esperientzia abiapuntutzat hartuta. Mintegiari amaiera emateko, Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak hitz egingo du, Ekonomia Itunaren gaur egungo egoera azaltzeko.

Mintegiaren egitaraua