Nobedadeen berri izateko,
Gaurkotasuna
Isaac Merino Jara, Zerga-Zuzenbideko katedraduna eta azken hamarkadan Ekonomia Itunaren Arbitraje-Batzordeko kidea izan denak uko egin dio bere kide izaerari Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak proposatuz gaitasun aintzatetsiko abokatuen eta bestelako legelarien txandari dagokion plaza hutsean Auzitegi Goreneko Hirugarren Salako magistratu izendatu dutelako. Uko egite horrekin berriz ere operatibitaterik gabe uzten du hainbeste gatazka ebatzi gabe pilatuta dituen Arbitraje-Batzordea.
Jaulki diren azken ebazpenek azken urte hauetan gatazkatsuak izan diren gaiak ebatzi dituzte, adibidez itsasontzietan egiten diren lanen etekinengatiko atxikipenetan aplikagarria den konexio-puntua (6/2018 ebazpena), Sozietateen gaineko Zergako eragiketen bolumena zehazteko aurretiazko ordainketen tratamendua (9/2018 ebazpena) edo administrazio desberdinei lotuta dauden erakundeen esku hartzea duten enpresa-berregituraketa eragiketetan aplikagarria den araudia zehaztea (16/2018 ebazpena), eta beste batzuk berretsi ditu, berbarako kreditu txartelen bitartez hornitutako erregaien emateen BEZaren ondoreetarako kokapena (7/2018 ebazpena).
Azaroaren 21ean eta 29an, Isaac Merino Jara eta Juan Ignacio Ugartemendia Eceizabarrena irakasleen zuzendaritzapean, Donostiako Carlos de Santamaría zentroan administrazio zentralaren eta euskal foru aldundien artean araudi-, ordainarazpen- eta ikuskapen-aginpideak banatzeko Ekonomia Itunean aurrez ikusitako lotura-guneak sakontzera bideratutako bi jardunaldi egin ziren. Lehenengo eguneko goizean Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio fiskaletako ordezkariek parte hartu zuten; bien bitartean, jardunaldien gainerako denboran Espainiako unibertsitateetako eta UPV/EHUko ordezkari akademikoak izan ziren.
Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak bi kontsulta igorri ditu; batean aztertzen da nola aplikatzen diren mezenasgoari buruzko lurralde erkideko araudian aurreikusitako zerga onurak foru-esparruko kultura fundazio bati (lehentasunezko jardueratzat kalifikatutako fundazioa); bestean argitzen du nola aplikatzen den Ekonomia Itunaren lehenengo xedapen iragankorra, zerga eragiketen bolumenaren arabera ordaintzeko atalasea 10 milioi eurora igo ostean, eta nola aplikatzen den 10/2017 Legea indarrean sartu ondoren hasitako zergaldietan edo likidazioaldietan, nahiz eta xedapen horretan 27. artikuluaren aipamenik agertu ez (BEZaren ordainarazpenari buruzko artikulua).
Ekonomia Ituneko Arbitraje Batzordeak lau arbitraje-gatazka ebatzi ditu 2018ko 1etik 4ra doazen ebazpenen bidez. Lehenengoan (1/2018 Ebazpena) bere aurreko doktrina berresten du, Batzordea eratu aurreko desadostasunetarako araudian errekurtsoak aurkezteko ezarritako epealdia zenbatzeko dies a quo deritzona zehazteari buruzkoa, alegia: eraketa-data hartu behar da kontuan. Bigarrenean (2/2018 Ebazpena) ukatu egiten du Rover doktrina aplika daitekeenik eskualdatzaileak eraldatu gabeko ondasun bat eskualdatzen duenean, eta ezartzen du garraioa hasi den tokia dela eragiketa egin den lekua. 3/2018 Ebazpenak onartu egiten du kontrako froga aurkeztea BEZaren araudian ezarritako presuntzio honen aurka: zerga-administrazioak esleitutako IFZ daukan establezimendu iraunkor bat zergaren subjektu pasibotzat ulertzea. Azkenik, 4/2018 Ebazpenean ezartzen du higiezinaren lehenengo ematea dela “egiten ari den eraikin baten salerosketaren eta promozio-gomendioaren” kontratua sinatu osteko ematea, eta ukatu egiten du bidezkoa denik Batzordeak zergaren karga gatazkan dauden administrazioen artean modu ekitatiboan banatzeko irizpidearen alde egitea.
Forum Fiscal aldizkariak Kontzertu Ekonomikoaren azalpen osoari buruzko seriea lantzen jarraitzen du. Javier Armentia Basterrak, Arabako Foru Aldundiko Arauak Garatzeko Zerbitzuko buruak, egiten du azalpen hori. Aldizkariaren 242tik 245era arteko zenbakietan VII., VIII., IX. eta X. kapituluak sartzen dira, hurrenez hurren. Lehenengo hiru kapituluen xedea zergak arautzeko eta aplikatzeko ahalmenari buruzko analisia burutzea da; azken kapituluarena kudeaketa- eta prozedura-arauak deskribatzea da.
Euskadiko eta estatuetako administrazioek 2017. urtean egindako akordioei dagokienez, aldizkariaren 244. zenbakian Gemma Martínez Barbarak, Bizkaiko Foru Aldundiko Zerga Politikako Zerbitzuko buruak, egindako lan bat daGO. Lan horretan honako hau aztertzen du: Oinordetzen gaineko Zergaren lotura-puntuan itundutako aldaketak kapitalen mugimendu-askatasuna urratu izanari lotutako arazoei eman dien konponbidea. ZERGAK izeneko Euskadiko zerga-aldizkariaren 55. zenbakian José Rubí Cassinellok, Bizkaiko Foru Ogasuneko idazkari tekniko nagusiak, izenpetutako bi lan daude. Lan horietan abenduaren 28ko 10/2017 Legearen bidez Kontzertuan egindako aldaketak aztertzen dira. Horrez gain, 2011tik 2017ra arteko kupoen likidazioari buruzko 2017ko maiatzeko akordioen edukia aztertzen da, bai eta 2017-2021 bosturtekorako Kupoaren Lege berriaren edukia ere.
Kontzertu Ekonomikoaren Arbitraje Batzordeak egindako ebazpenei buruzko bi lan daude Forum Fiscal aldizkariaren 244. zenbakian. Bata Iñaki Alonso Arcek, Bizkaiko Foru Ogasuneko Koordinaziorako eta Laguntza Teknikorako zuzendariordeak, egin du Estatuaren Erakunde-mailako Administrazioko erakunde batek ordaintzen dituen lan-etekinen gaineko atxikipen batzuk ordainarazteari buruz. Bestean Idoia Zapirain Torrecillak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Saileko teknikariak, Arbitraje Batzordearen eskumenak aztertzen ditu honako kasu hauetan: gatazkak konpontzeko beharrezkoa denean eragiketaren kalifikazio juridikoa egitea, kasu honetan BEZaren kargapekoa.
Bukatzeko, azken bi lanak aipatu behar dira. Bata Iñigo España Arizak idatzi du, eta Forum Fiscal aldizkariaren 245. zenbakian dago; lan horretan arretaz aztertzen da ELGEan garatutako BEPSen kontrako neurriak ezarri behar direla Bizkaiko Araudian. Bestean Benjamí Anglés Juanperek foru-lurraldeetan egindako udal-erakundeen aldeko transferentzien izaera eta bilakaera aztertzen du.
Administrazioarekiko Auzien Madrileko 7. Epaitegi Zentralak, 2018ko uztailaren 12an eman zuen Epaian, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak Espainiako Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak 2017ko maiatzean sinatu zuten Erabakia jakinarazi behar duela adierazi du. Erabaki hori aurreko urteetako kupoaren likidazioari eta 2021. urtera arte bosturteko kupoa ezartzeari buruzkoa zen eta Epaitegiak uste du informazioa irisgarri egotearena zentzu zabalean ulertu behar dela eta horrekiko murrizketek salbuespenak izan behar dutela. Ikertzaile batek errekerimendua egin zion Ministerioari finantzaketa autonomikoari eta kupoen sistemari buruzko azterlan bat egitearen ondoreetarako. Ministerioak ezetsi egin zuen eskabidea eta ikertzaileak derrigorrez Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluarengana (CTBG) jo behar izan zuen eta horrek arrazoia eman zion 2017ko irailaren 15eko ebazpenean. Ministerioak horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen.
Epaitegiak honako argudio hau ematen du, “hau guztia gorabehera informazio hori eskuratzeko interes publiko handiagoa antzeman daiteke eta horrek lehentasuna izan behar du erabakiaren birtualtasun hipotetikoaren faltaren gainetik edo erabakitakoa era eragingarrian gauzatzeko beste tramite edo jarduketa batzuk behar izatearen gainetik. Adierazi den hau guztia kontuan hartuta eta hala informazioaren irisgarritasunaren mugari nola eskabideak tramitera ez onartzearen zioei dagokienez egin behar den interpretazio “zorrotza, murriztailea ez denean” suposatutzat jota, onetsi egin behar da honako errekurtso hau”.
Beste alde batetik, Auzitegi Gorenak, 2018ko uztailaren 3an eman duen Epaian, baieztatu egiten du Zergei buruzko Lege Orokorrean ezarri direnekiko bestelako erantzukizunen kasuak ezartzeko foru eskumena, eta baieztatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoaren Justizia Auzitegi Nagusiak auzialdiko epaian eman zuen doktrina. Dudatan jarri zen manuak erantzule solidariotzat adierazten ditu egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak, kapitalean gutxienez 100eko 20ko partaidetza zuzena edo zeharkakoa duten bazkideak, erkideak edo partaidetzadunak, eta horien bigarren gradura arteko ahaideak, ingresatu gabe zeuden atxikipenak egin dituztenak, hain zuzen ere atxikipen horiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioetan kendu dituzten zenbatekoengatik.